GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

everest | Istripua

Alexey Bolotov hil egin da bide berri bat zabaltzera zihoanean

Hil honen 15ean hil zen alpinista errusiarra, Khumbuko Izotz Jauzian istripua izanda. 5.600 metrora zegoela, lotuta zeukan soka puskatu eta amildu zen. Denis Urubkorekin batera Everesteko hego-mendebaldeko aurpegian bide berria zabaldu nahi zuen.

p048_f01_148x108.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Alexey Bolotoven heriotza ez da Everesteko aurtengo denboraldian izan den lehena, baina, kirol ikuspuntutik begiratuta, adierazgarria izan da. Joan den asteazkenean, Denis Urubkorekin batera, munduko mendi garaienaren hego-mendebaldeko aurpegian bide berria zabaltzera abiatu zen. 5.600 metrora zirela, alegia, Khumbuko Izotz Jauzia gainditu eta beherala, istripua izan zuen. Urubkok azaldu duenez, jaisteko baliatzen ari zen soka puskatu eta 300 metro amildu zen.

Bi asmo handi zeuden Everesten, eta biak ala biak bertan behera geratu dira. Lehena, Jon Griffith, Ueli Steck eta Simone Mororena. Zehaztu ez zuten marra berria sortu nahi zuten, baina, xerpekin izandako istiluak direla-eta, etxera itzuli ziren. Bestea, Urubko eta Bolotovena, eta azaldu dugu zer gertatu den. Biak ala biak ondo baino hobeto egokitu ziren girora. Zehatz-mehatz, bi gau 8.000 metrora igaro zituzten. «Erasoa», berriz, pasa den asteazkenean hasi zuten, baina, hasi bezain laster, Bolotoven istripuarekin amaitu zen.

Alpinista handia

Alpinista errusiarrak 50 urte beteak zituen, eta lasai asko esan dezakegu alpinista osoa zela eta batez ere garaiera handiko mendietan ondo baino hobeto moldatzen zela.

Bere curriculumari begiratzen badiogu, ohartuko gara azken hogei urteotan jarduera alpino ikaragarriak egin dituela. Ekarpen horiei esker, hainbatetan jaso zuen Urrezko Pioleta saria.

Gogoratzeko modukoa da, besteren artean, 1998. urtean Makaluko mendebaldeko aurpegia eskalatu zuenekoa. Hori guztia gutxi izango balitz, sei urte geroago bere sormen-lana utzi zuen Jannu mendiaren iparraldeko aurpegian. Eta 2007. urtean, bestalde, K2 mendiaren mendebaldeko paretan errusiar talde batek zabaldutako marran hartu zuen parte.

Irakurleak agian gogoan izango du Iñaki Otxoa de Olzaren erreskatean ere jardun zela. Nafarrarekin eta Horia Colibasanu errumaniarrarekin batera Annapurnaren ekialdeko ertza eskalatzera joan zen, eta, aurreko biek ez bezala, Bolotovek gailurra erdietsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo