kirol eskalada | Lehia
Euskal ordezkariak bikain Espainiako Kopako lehen proban
Hilaren 11n eta 12an, Zaragozan, lehen hitzordua jokatu zen. Irati Anda, seniorretan, Mikel Linazisoro, 16 urtez azpikoetan eta, Ibai Isusi, 20 urtez azpikoetan, bigarren sailkatu ziren. Azken maila horretan Mikel Madinabeitiak hirugarren postua eskuratu zuen.
Andoni ARABAOLAZA
Aurreko kronika batean aipatzen genizuen FEDMEk antolatutako eskalada lehien denboraldia hasia zela; hain zuzen ere, gazteen mailako Espainiako Txapelketarekin. Hilaren 11n eta 12an, berriz, Espainiako Koparen lehen proba jokatu zen, eta hitzordu horretan bai gazteak bai seniorrak lehiatu ziren.
Dozenaka eta dozenaka lehiakide pasa ziren Zaragozako rokodromo berriaren egituratik. Eta, jakina, beste behin euskal ordezkarien presentzia handia izan zen. Emaitzei dagokienez, bestalde, oro har esan daiteke azkenaldi honetako ohiko postuak erdietsi dituztela. Guztira, lau podium; beste era batera esanda, hiru zilar eta brontze bat. Hori bai, euskal ordezkari asko ikusi genituen finaletan.
Gogorarazi behar dugu Espainiako Kopa erregulartasunaren zirkuitua dela; izan ere, hiru proba ditu. Aipatu dugunez, lehena Zaragozan jokatu da, eta beste biak Terrasan (hilaren 25 eta 26an) eta Bartzelona (ekainaren 1 eta 2an) izango dira.
Ohi den bezala, lehendabiziko lehia eguna senior edo nagusientzat izaten da.
Euskal Mendizale Federazioak atondutako euskal selekzioak lau ordezkari aurkeztu zituen: bi neska eta bi mutil. Nesken mailan, biak ala biak finalera pasa ziren; hots, Zuriñe Arrue eta Irati Anda. Indartsu azaldu ziren lehen saiora, eta ez zuten arazorik izan arratsaldeko finalera pasatzeko. Lan txukuna egin eta gero, Arrue seigarren postuan sailkatu zen. Anda, berriz, sasoiko dabil, eta maila ederra berreskuratu du. Finalean jardun zutenen lehen bost sailkatuen artean berdintasun handia egon zen. Gasteiztarrak proba bikaina egin zuen, baina azkenean bigarren postuarekin konformatu behar izan zuen. Irabazlea Eillen Jubes izan zen.
Mutiletan, bestalde, sailkapeneko bidean hamaika eskalatzailek katera iristeko aukera izan zuten, eta, beraz, finalerako txartela eskuratu zuten. Horien artean zegoen Iñaki Arantzamendi. Finalean, berriz, ondarroarrak ez zuen jardun ona egin eta hamaikagarrena sailkatu zen. Faborito nagusiak, Ramon Julianek, ez zuen hutsik egin eta garaipena lortu zuen. Katalana bai finalerdietako bai finaleko bideak kateatu zituen bakarra izan zen.
Gazteak bikain
Andak seniorretan erdietsitako bigarren postu horri beste hiru podium batu behar zaizkio; hain zuzen ere, euskal ordezkari gazteek poltsikoratutakoak. Beste behin ere, Josean Mulasek gidatutako eskalatzaile gazteak bikain lehiatu ziren, baina, beste hitzordu batzuetan ez bezala, Zaragozako proban garaipenek ihes egin zieten. Alabaina, gazte hauen norgehiagokak oso onak izan ziren, horietako asko eta asko, tartean Nafarroako Federazioko ordezkari pare bat ere, finalean izan ziren.
16 urtez azpikoen mailan, nesketan, Andrea de Goñi bosgarren sailkatu zen. Espainiako Txapelketan bezala, Mikel Linazisorok ez zuen aukerarik izan garaipena lortzeko eta bigarrena izan zen. Orain arte ia guztia irabazi du, baina FEDMEren lehen bi lehietan bigarren postuak sinatu ditu. Bittor Esparta laugarrena izan zen eta haren anaia Andoni, zazpigarrena.
Bestalde, 18 urtez azpikoen mailan, bi finalista izan genituen: Jone Ugartemendiak bosgarren postua erdietsi zuen eta Mikel Inorizak, zazpigarrena.
Amaitzeko, berriz, 20 urtez azpikoetan, nesketan, Jone Garmendia laugarren izan zen, Mirian Mulas, bosgarren eta Garazi Platero, zazpigarren. Mutiletan, beste bi podium iritsi ziren. Ibai Isusik bigarren postua lortu zuen, eta Mikel Madinabeitiak, hirugarrena. Azken honen aurreneko podiuma izan da.