GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Surfa

Benjamin Sanchisek istripua izan du Teahupon

Olatu munstro batean erori ostean, konortea galdu eta erreskatatua izan zen.

p052_f01_184x84.jpg


 
Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Maiatzaren 15ean olatuak handitzen hasi ziren Teahupon. Ekaitz baten ostean, arratsaldean, olatuen altuera jada ikaragarria zen eta zabalera zer esanik ez. Hiru egunez jarraian sekulako olatu munstroak izan ziren Tahitiko kostaldea kolpekatzen.

Munduko olatu handietako surflari onenetako asko Teahupon izan ziren olatu beldurgarriak hartzen, eta tartean zen Benjamin Sanchis Sancho, Hossegorreko surflaria.

35 urteko surflari hau, Europan olatu handietan surf egiten aritzen den surflari ezagunenetakoa da, Axi Muniain zarauztarrarekin batera. Hain zuzen ere, 2011. urtean Belharran 18 metroko olatu bat hartu zuen eta Billabong XXL Biggest Wave Award saria irabazi zuen. Olatu hura, berez, Axi Muniain hasi zen hartzen, eta legez, berea zen, baina sesiorik nahi ez zuela-eta frantsesari utzi zion. Beraz, Axi Muniainek hartu izan balu, saria ere berak irabaziko zuela pentsa daiteke.

Oraingo honetan, ordea, zori ona baino zori txarra izan du Sanchisek, larria izan zitekeen istripua izan baitu.

Olatu oso handiak izan dira Polinesian azken astean, eta bereziki Teahupon. Izan ere, oso sakonera gutxiko uretan lehertzen da olatua. Metro bateko sakonera bakarrik dagoen eremu batean, eta gainera, hondoan korala dagoela kontuan hartuta, erorketa batek ondorio oso larriak izan ditzake.

Alain Cassiede argazkilaria han zen, lekuko gisa, eta bere esanetan, Sanchisek buruarekin hondoa jo zuen, olatu batean erori ostean.

Kolpearen ondorioz zorabiatuta geratu zen, baina Alain Riou bertako surflariak istripu gunetik atera ahal izan zuen Sanchis, eta jarraian, Teva Dexyer surflariaren laguntzaz, lehen sorospen zerbitzuak jaso ahal izan zituen.

Urautsitik, ziztu bizian Taravaoko ospitalera eraman zuten surflaria eta han medikuen behaketapean egon zen gau osoan. Hurrengo egunean bere kabuz atera zen Sanchis ospitaletik eta kolpe gogorra jaso zuela aitortu arren, ondo zegoela esan zioten sendagileek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo