GARA > Idatzia > Euskal Herria

Isunak, indarkeria matxista salatzeagatik

Potxuak Martxan Lekeitioko emakume taldeko lau kidek 1.200 euroko isuna jaso dute, 2012an emakume baten heriotza salatzeko egin zuten elkarretaratze bategatik. Udal babesa izanik, ez zuten aurretik jakinarazi. Udalak auzian esku hartu bazuen ere, Ertzaintzak aurrera eraman du salaketa.

GARA |

Lekeitioko Potxuak Martxan taldeko lau emakumek 1.206 euroko isuna jaso dute, duela urtebete Lekeition indarkeria matxista salatzeko egin zuten elkarretaratze bategatik. Komunikabidetara bidalitako ohar batean, aipatu mobilizazioa udal batzordean adostutako protokoloaren barruan egin zutela azaltzen dute, eta horregatik ez zuten aurretik jakinarazi. Izan ere, lau emakumeak identifikarazi zituztela jakin zuenean, Lekeitioko Alkatetza bera jarri zen Ertzaintzarekin harremanetan «gaizki-ulertua» argitzeko.

«2012ko maiatzaren 11n, Iurreta inguruko emakume baten aurkako erasoa gertatu zen, erail egin zuten. Guk beti bezala, gure jardunbidearekin aurrera egin genuen. Udaleko protokoloa batzordean onartu berri zegoen eta horren babesa ere bageneukan», adierazten dute.

Argitu dutenez, elkarretaratzean zeudela, «ertzainak azaldu ziren eta pankarta heltzen zeuden lau laguni identifikatzeko eskatu zieten, kontzentrazioa ez zegoela baimenduta argudiatuta». Horren aurrean, emakumeetako batek Udalak adostutako protokoloaren gainekoa azaldu eta, horren arabera, «baimenik eskatu beharrik ez» zegoela uste zutela esan zien poliziei. Horri erantzunez ertzainek, «modu zakarrean», identifikatu ezean ertzain-etxera eramango zituztela mehatxu egin zietela salatu dute.

Alkateak, auzia argitzeko saioa

Gertakariaren berri izan zuenean, Maitane Larrauti Lekeitioko alkatea Ertzaintzarekin harremanetan jarri zela azaldu dute, gertatutakoa eta gaizki-ulertua argitzeko asmoz. «Baina dirudienez, ez du balio izan»; diotenez, orain aste batzuk salatuak izan ziren lau emakumeek isuna ordaintzeko agindua jaso dute-eta. Bakoitzak 301 euroko isuna ordaindu behar du.

Potxuak Martxan taldeak errekurtsoa aurkeztu du. «Ez dugu bidezkoa ikusten erailketa sexista baten aurkako bat-bateko erantzun bat emateagatik erantzun oldarkorra jasotzea», adierazi dute, eta are gutxiago ulertzen dute zigor hori erakunde ezberdinek behin baino gehiagotan emakumeen aurkako erasoak salatzea beharrezkoa dela nabarmentzen dutenean.

Lekeitioko Udalak errekurtsoa aurkezteko idatzi duen gutunean, indarkeria matxista kasuak gertatzen direnerako onartutakoa azaltzen du, eta 2012ko maiatzaren 11ko elkarretaratze horrek «Lekeitioko Udalaren babespena» zuela argitzen du. Udal babesa izanik baimen eskaririk ez zutela behar uste zuen taldeak, eta Udalak jakinarazpena egina izango zutela pentsatu zuen, «gaizki-ulertua» izan zela aintzat hartuta, espedientea bertan behera uzteko eskatzen du Udalak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo