Fredi Paia Bertsolaria
Amore eman
Nik ere engainatu nuen neure burua. Nik ere uste nuen borroka armatua desagertuta burujabetzaren aldeko elkarlana berez etorriko zela
Baionako elkarretaratze batean entzun nuen lehenengo aldiz «Herriak ez du amore emanen!» esaldia. Baina gehienetan, beste testuinguru batean entzun izan dut gaur izenbururako dakardan esamoldea. Etsai baten aurrean errenditzeari ez, elkar ulertu behar luketen baina bakoitza bere jarreran gogorturik daudenen kasuetan erabili izan dute, ekialdeko euskaldunek, «amore eman» esaera nire aurrean. Lehengoan Bortzirietako andre jator batek hala baieztatu zidan: andre-gizonak, adiskideak, neba-arrebak, lankideak... muturturik daudenean esaten dutela beraiek «bietako batek amore eman beharko du». Eta kontzeptua ederra da, elkarrekin muturturik daudelako biei kalte egiten dieten egoerak zelan konpontzen diren azaltzen duen jakintzaz beteriko atsotitza.
Behin hau azalduta, onar dezadan: nik ere engainatu nuen neure burua. Nik ere uste nuen borroka armatua desagertuta burujabetzaren aldeko elkarlana berez etorriko zela. Baina ez txarto ulertu nire berbak. Horrekin ez dut esan gura bake soziala sinatu behar denik kapitalaren interesei begira goberna- tzen dutenekin. Ezta guztiok sufritu dugun hamarkadetako inpunitate sentimenduak eragin zituen udaletxeetako ustelkeria kasuak salatzeari utzi behar zaionik ere. Iñigo Cabacasen hiltzaileei, Europako poliziarik basatienari «zipaio» deitzeari utzi behar diogunik. Ez, ez nabil alderdien arteko gobernu akordioez. Euskaldunon gaitz kronologiko hilgarriari buruz nabil, bat egin ezinaz.
Gaztelako erregea Gernikako harizpera etortzen zenean, ganboatarrak bere alde batera jartzen ei ziren eta beste aldera, oinaztarrak. Biek egiten zuten hitz monarkarekin, baina historialarien esanetan, bi alderdien artean ez zuten hartu-emanik nahi. Eta horrela jarraitzen dugu seiehun urte beranduago. Ganboatarrak Norvegian, oinaztarrak Madrilen, biak gaztelar erregearekin berba egin guran, baina euren artean harrika.
Ziklo politiko bat amaitzen dabil, eta alderdi abertzaleak oso kontziente dira gauza batez, ziklo hau amaitzeko moduak hurrengoarengan eragina izango duela. Beraz, azken hamarkaden zein bertsio nagusitzen den da kontua. Eta alde biek argi dute bi bertsioak bateraezinak direla. Batzuek espainiar diruari salduta bizi izan dira, besteak askatasunaren aldeko konfrontazio armatuan bizi ziren bitartean. Edo batzuek autonomia herria eraikitzeko eta burujabetza maila handiagoak lortu bitarteko urrats moduan ulertu zuten, besteak zentzurik gabeko eta porrotean amaitu zuen odol festa batean murgildu ziren bitartean. Eta iragana adostu ezik ezingo dugu etorkizuna eraiki. Inor ez baitago, logikoa den moduan, bere egia zatiari uko egiteko prest.
Sarean irakurri nuen esaldi batek ondo laburbiltzen du gure egoera: «Kimika maisuak dio ura ezin bihur litekeela ardo. Erlijio irakasleak, ostera, baietz dio. Eta ikasgai biak gainditu behar ditugu». Elkarri amore eman beharko.