GARA > Idatzia > Iritzia> Gutunak

Juan Luis Mugertza Idazlea

Puntuak

Gaur egun, bizi izateko modua aldatu egin da oso. Nork irudikatuko zuen orain dela urte asko produktu batzuk erosi eta, aukeran, opariak emango zizkigutela? Ongizate gizarte honek, nahiz eta askotan larrutu, abantaila handiak ere ematen dizkigula ezin ukatu. Nahikoa dugu gure diru txartela, nortasun agiria eta bestelako identifikazioa erakustea, non esaten dugun beraiekiko konpromiso fidela dugula, puntuak batzeko, gure gutiziak epe laburrean etxean izateko. Gainera, gauza materialik ez baduzu nahi, baduzu aukera zure eskuzabaltasuna, zure elkartasuna erakusteko, eta muturreko beharrizan-egoeran dauden familientzako elikagaiak puntu solidarioen bidez emateko. Nik ez dakit, politikagintzan aritzen diren profesional horiek, zeintzuek gure hobe beharrez egiten duten dena, puntuena nola ez duten bultzatzen jendea erakartzeko, oraingo politikak bestelako norabidea hartzeko. Agian, egun batean, errealitatea eta fikzioa elkarren ondoan ikusiko ditugu, eta Travel Club itxurako katalogoetan beraien programa ikusteko aukera izango dugu, non erosotasunaren bideak, konpromisorik gabekoarenak puntu asko balioko dituen. Oraingo puntuek eten puntuen segida baino ez dute falta baten batek zer edo zer originala asmatzeko, grebarik egin ezean saritzeko, amen, amen egiten lansaritzeko. Topatuko dute moduren bat puntuen arabera gizakion eskala baloratzeko. Azken finean, puntu kontua baino ez baita beraien politika.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo