Parisi Lurralde Elkargoa eskatzera deitu du Bizi!-k
Ekainaren 1ean Baionan egingo den manifestaziorako deialdiak biderkatzen ari dira. Bizi! mugimenduak ere Ipar Euskal Herrirako Lurralde Elkargoa aldarrikatzea xede duen mobilizaziora deitu du, euskal lurraldeek dituzten «erronkei erantzuteko tresna egokiena» dela iritzita.
Arantxa MANTEROLA | BAIONA
Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoarako Lurralde Elkargo berezia aldarrikatzeko ekainaren 1ean Baionan egingo den manifestazioan parte hartzera deitu du Bizi! mugimenduak.
Talde ekologista eta altermundialistaren esanetan, «Euskal Herriko trantsizio ekologiko eta sozialarentzat, garrantzi handiko gauzak» gertatzen ari dira azken garaiotan.
Joan den urtean lurraldearen kudeaketari buruz egin den «gogoeta prozesu bizi eta parte-hartzaileak» argi utzi du, Bizi!-ren aburuz, hainbat arlotan hiru lurraldeek dituzten erronkei erantzuteko estatus bereziko lurralde elkargo bat izango litzatekeela «tresna egokiena».
Garraio kolektiboaren eskasiari eta krisi energetikoari aurre egiteko, ekonomian eta turismo alorrean eredu jasangarri eta solidarioa plantan emateko, lurraldeari egokitutako laborantza herrikoia eta ingurumenarekiko errespetuzkoa garatzeko, etxegintzan eta hiri-antolamenduan energia aurrezteko, euskara eta euskal kultura sustatzeko, edota «egiazko mugaz gaindiko elkarlana» bultzatzeko, egitura berezi hori beharrezkotzat jotzen du Bizi!-k.
Erabateko adostasuna
Are, Ipar Euskal Herriko historian «sekula ezagutu ez den ia ahobatezko adostasuna» erdietsi dela gogoratuta, gaur egun erantzuna ematea gobernuari dagokiola nabarmendu du: «Sortu diren esperantzei» eta egin den lan eskergari ez erantzutea, «akats handi bat» izateaz gain, «lurraldearentzat zinez kaltegarria» izango litzatekeela deritzo talde ekologistak.
Aipatu arrazoi horietan oinarrituz, dei egin du Euskal Herriko Lurralde Koordinazioak (EHLK) ekainaren 1erako, arratsaldeko 17.00etatik goiti, Baionan antolatu duen manifestazioan parte hartzera.
Hainbat eragile politiko eta sozialek osatzen dute koordinadora hori: Garapen Kontseiluak, Hautetsien Kontseiluak, Merkataritza eta Industria Ganberak, Udalerrien Biltzarrak eta Batera plataformak.
Apirilaren 27an, Baionan, joera politiko askotariko hautetsi eta eragile andanak «500en deialdia» egin zuen. Bertan, zuzen-zuzenean Parisko Gobernuari eta parlamentariei galdegin zieten Ipar Euskal Herriko «ahotsa entzun, lurralde honen proposamena aztertu eta erantzuteko».
Gai horren inguruan, hainbat ekimen burutzen ari dira. Gaur bertan, arratseko 21.00etan, Euskal Herriko Laborantza Ganberako egoitzan (Ainhize-Monjolose) Jean-Pierre Massias unibertsitateko irakasleak eta Martine Bisauta Batera plataformako kideak mintzaldia eskainiko dute.