Txapelketa Nagusian, 43 bertsolari jarriko dira irailaren 29an BECerako ilaran
Irailaren 29an abiatuko da Villabonan Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 16. edizioa, eta duela lau urte bezala, Barakaldoko BECen izango da finala, abenduaren 15ean. Hamalau saioz osatuko da txapelketa eta Bertsozale Elkarteak parte-hartzaileen zerrenda jakinarazi zuen atzo. 43 izango dira guztira, 2009an baino bat gutxiago, iragarri bezala, Andoni Egañak ez baitu parte hartuko. Iñigo Izagirreren lekua, berriz, Iñaki Zelaiak hartuko du.
Ane ARRUTI | DONOSTIA
Lau urte pasatu dira Maialen Lujanbiok zapi gainean, gobara beharrean, txapela jantzi zuenetik. 2009ko abenduaren 13an izan zen, 14.000 bertsozale bildu ziren Barakaldoko BECen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 15. edizioko finalaz gozatzeko, eta olinpiar jokoen moduan, iritsi da berriro ere Euskal Herriko bertsolarien hitzordu nagusia. Irailaren 29an abiatuko da Villabonan eta abenduaren 15ean bukatuko da; BECen aurten ere.
Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak atzo ohar baten bidez jakitera eman zuenez, aurrekoak bezala, 14 saio izango ditu aurtengo txapelketak eta guztira 43 parte-hartzaile arituko dira bertsotan. 2005ean 38 izan ziren, 2009an 44, baina, agurrean iragarri zuen bezala -«ni oso harro pasako naiz naturala horixe da/ behien aulkiak aipatzetik behian aulkiak jartzera»-, lau txapel dituen Andoni Egañak uko egin dio parte hartzeari. Gainerako zazpi finalistek baiezkoa eman dute.
Ez da baja bakarra izango Egañarena. 2011ko Gipuzkoako txapelketan sailkatu zen Iñigo Izagirre itziartarrak ere ez du parte hartuko eta bere lekua hurrengo sailkatuak hartuko du, Iñaki Zelaia hernaniarrak. Guztira 21 izango dira gipuzkoarrak, 11 bizkaitarrak, 5 Ipar Euskal Herrikoak (lapurtarrak denak), 4 nafarrak eta bi arabarrak; aurreko txapelketarekin alderatuta, bizkaitarrek izango dute bat gutxiago.
Adinari begiratuta, Jon Maia izango da zaharrena, 1972ko ekainean jaioa, urte bereko urriko Jexux Mari Irazurekin batera. Gazteena, berriz, Maddi Sarasua itsasuarra izango da, dagoeneko txapelketa abiatua dela, azaroan beteko baititu 18 urte. Aurtengoa ere edizio gaztea dator beraz, eta parte-hartzaileen laurdenek lehenengo aldiz kantatuko dute Txapelketa Nagusian; hamaika bertsolari arituko dira estreinakoz: Agin Rezola, Alaia Martin, Beñat Lizaso, Beñat Ugartetxea, Eneko Fernandez, Eneritz Zabaleta, Felix Zubia, Iban Urdangarin, Iñaki Apalategi, Maddi Sarasua eta Manex Agirre. Hauen ondoan, dagoeneko beteranoak, 1993az geroztik kantuan ari direnak, eta beraz, seigarren txapelketa izango dutenak: Igor Elortza, Unai Iturriaga eta Jon Maia.
Gizon eta emakume proportzioak berdin jarraitzen du 2009koarekin alderatuta, oraingoan ere 13 izango dira emakumezko bertsolariak.
Irailera arte zain egon behar
2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusiaren xehetasun guztiak irailaren 17an jakinaraziko ditu Bertsozale Elkarteak eta irailaren 26an aurkezpen jaia ospatuko dute. Atzo publiko egindako oharraren bitartez, daten eta parte-hartzaileen inguruan dagoeneko ahoz aho dabiltzan «zurrumurruak» argitu nahi izan dituztela adierazi zuten, baina oraindik datu ugari dago airean, irailera arte aurreratzeko asmorik ez dutenak.
2009ko txapelketari begira jarriz gero, Andoni Egaña zuzenean sailkatu zen finalera txapeldun moduan. Ikusi beharko da Maialen Lujanbio lehenago sartuko ote den lehian edo BECeko egunera arte itxaron beharko dugun hernaniarra kantuan entzuteko.
Aurreko edizioko finalistek, berriz, finalaurrekoen lehenengo itzulian ekin zioten txapelketari. Aurtengoa ere hamalau saiotan banatu dela jakinda, pentsatzekoa da berdin antolatzea: sei kanporaketa, lau finalaurreko eta, finalaurrekoen bigarren itzulian, beste hiru saio.
Bestalde, Gernikan, Iruñean eta Donostian izan ziren 2009an saio erabakigarriak. Gipuzkoako Belodromoan erabaki zen BECeko zortzikotea, zenbait urtetan finala ospatu izan den tokian. Aurtengoan ikusi beharko da finalaren aurreko azken saio esanguratsu hori non kokatzen den.