Talibanekin negoziatzearen aldekoa da Pakistango lehen ministro berria
Nawaz Sharif, hauteskundeak irabazi berri ditu Pakistango lehen ministro berria, prest azaldu da taliban matxinoekin negoziatzeko, kanpaina atentatu odoltsuez estali badute ere. Sharifek Gobernu berriaren ardatzetako bat bakea lortzea izango dela iragarri du.
Izena ABIZENA | LEKUA
Matxino islamisten artean erakunde boteretsuena, Pakistango Talibanen Mugimendua, Gobernuarekin negoziatzearen alde azaldu zen otsailean. Alabaina, 2007tik Al Qaeda sarearen esanetara dagoen taldeak alderdi laikoen aurkako erasoak areagotu ditu hauteskunde-kanpainan, egun herrialdean indarrean dagoen demokrazia «islamaren aurkakoa» dela argudiatuz.
«Talibanek hitz egiteko aukera eskaini badigute, gaiari heldu egin behar diogu», azaldu die Nawaz Sharifek Lahoren, ekialdeko bere gotorlekuan, bere alderdiko diputatuei. «Terrorismoa Pakistanek pairatzen duen arazorik garrantzitsuenetakoa da. Bakea lortzea da gure lehendabiziko erronka, eta horretarako erabil ditzakegun baliabideak aztertu behar ditugu», gaineratu du Pakistango Liga Musulmaneko agintariak.
Talibanekin bake-prozesu bat bideratuko zuela agindu du Sharifek kanpainan zehar.
Azken urteetan bake-akordio lokalak sinatu izan dituzte Pakistango Gobernuek eta talibanen hainbat taldek, batez ere tribuen eskualdean. Hala ere, aipatu Gobernuek islamisten aurkako gerra zikina gauzatzea (droneak, epaiketarik gabeko exekuzioak) baimendu diete Ameriketako Estatu Batuei. Talibanek eraso suizidekin erantzun dute eta alde guztietan hildakoak milaka eta milaka dira, guztiak pakistandarrak.
Imran Jan
Hauteskundeetan benetako sorpresa eman duen Imran Janek gaur bertan utziko du ospitalea.
Bere alderdiak, Justiziaren Aldeko Mugimenduak, tribuen eskualdean aise irabazi ditu hauteskundeak eta talibanekin hitz egiteko prest ere azaldu da, eskualdean gobernu koalizio zabala iragarri duelarik.
Afganistango presidentea, Hamid Karzai, Indiara joana da laguntza militar gehiago eskatzera. Beharko du. Atzo bertan eraso handia hasi zuten talibanek Helmanden (hegoaldea) eta atentatuak Heratera (mendebaldea) iritsi dira dagoeneko.