GARA > Idatzia > Iritzia> Azken puntua

Lander GARRO Idazlea

Aita

 

Duela urte batzuk beste aita batzuekin bildu eta zerbait egiteko gonbita egin zidaten: munduko aitok, bildu gaitezen. Ez nuen halako zerbaitetan parte hartu nahi, kontu delikatua iruditu zitzaidalako beste aitekin ezertarako batzea. Zergatik kontu delikatua? Batetik, elkarte batek beti daukalako pareko elkartearekiko lehiakortasun bat, eta, kasu honetan, parekoa amak direlako. Eta, bestetik, ama eta aita kontzeptu asimetrikoak direlako guztiz. Jar ditzagun bi hitzok mahai gainean, beren pisu historiko guztiarekin, amak alde batetik, eta aitak bestetik. Eta orain onar ezazu zu ere aita zarela, eta bila ezazu zure baitan harrotasuna. Egizue kontu, bestetik, munduak zure aitatasun inperfektua gogorarazteko asmatu zuela sarkasmoa («zu zaren modukoa izanda, seguru haurrak edonon ahaztuko dituzula!»). Zeren eta ezer izateko beti baita premiazkoa nolabaiteko harrotasuna; zauden tokian egoteko eta zarena izateko desira garbi eta irmo bat. Eta zaila da aita modu natural eta ez gatazkatsuan izateko manera topatzea, aita hitzari berari darion lurrin mikatza ahaztea eta, nolabait esan, sudurra estalia aurrera egitea. Aita batek onartu behar duen erronka da bere izenaren pisu historikoa (gure aurrekoen gehiegikeriak eta handikeriak) bizkarrean hartu eta ahalik eta pauso arinenarekin mendian gora abiatzea. Eta mendiko sastrakak eta arroka handiak gainditzea, han gailurrean bere izaeraren inguruko zalantzak argitzeko ikusmira aurkituko duelakoan, motxila han hustu eta behera berriz etortzeko. Zeren eta batzuetan, zabarkeria bezain txarra izan baitaiteke erruduntasunaren herren betierekoa. Izatearen lotsa mugagabea. Eta, zinez, aita bati beti dagokio batarekin zein bestearekin lehian aritzea: «Nola egongo naiz harro aita izateaz (aitek beti egin izan dituztenak kontuan hartuta)?», eta, «Nola ez naiz harro egongo, aita banaiz?».

 



Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo