GARA > Idatzia > Euskal Herria

Nekazaritza lurrak babestu eta hiriak trinkotu nahi ditu lurralde proiektu berriak

Sei herri elkargo biltzen dituen Baionaldeko Lurralde Koherentziarako Eskemak garapenerako norabide nagusiak finkatzen dituen egitasmoa kaleratu du. Hiriguneak trinkotzea da egitasmoaren ardatz nagusia.
p013_f02.jpg

Ainize BUTRON | BAIONA

Errobi, Errobi-Aturri, Hazparneko herrialdea, Bidaxuneko herrialdea, Euskal kostaldea-Aturri herri elkargoa eta Landetan kokatua den Seignautze herri elkargoa biltzen dira Lurralde Koherentziarako Eskeman.

Egitura 2000. urtean sortu zen, eta hamabi urteko ibilbidearen ondotik, 48 herri biltzen dituzten sei herri elkargo horietan garapen koherente eta iraunkor bat lortzeko egitasmoa plazaratu du.

Diagnostikoa eginda, azken urteotan hirigintza arloan aurrera eraman diren ekintzek «lurralde koherentzia hankaz gora» jarri dutela ondorioztatu du, eta txostenak hainbat arlotan, hots, hirigintzan, garapen ekonomiko eta industrialean, laborantzan, komertzio guneen finkapenean eta garraio publikoan jarraitu beharreko norabide nagusiak finkatzen ditu.

«Gure lurraldearen kontrola kolektiboki egitea erabaki dugu. Komertzio guneen finkapen anarkikoak amaitu dira», esan zuen Michel Veunac Biarrizko hautetsi eta egiturako ordezkariak.

Garapenerako proiektua inguramenarekiko begirunean oinarrituz egitea dute ildo nagusi herri elkargoetako ordezkariek, eskema proiektua finkatzeko. Proiektuak zehazten dituen norabide eta arauak hauek dira: lehentasuna hiriguneen trinkotzeari ematea, gune komertzialen finkapena 14 eremu jakinetan mugatzea, hiriguneetan hurbileko komertzioen plantatzea bultzatzea, hirigune eta baserri eremuak lotzeko garraio publikoa garatzea, garapenerako ardatz nagusia laborantza izatea eta industria produktiboa finkatzeko guneak sortzea.

Hiriguneen trinkotzea zehaztean, Paul Larroque Errobi-Aturri herri elkargoko ordezkariak Hiriburun azken urteotan eramaten den politikaren adibide bat eman zuen: «Gaur egun Hiriburun ez da gehiago etxe soilik eraikitzen, denak dira etxebizitza kolektiboak».

Hala, egun hirigintza, komertzio eta industria gunea finkatzeko baliatzen den lur kopurua %50era murriztea da proiektuaren sustatzaileen xede nagusia. Horiek horrela, proiektua guztiz finkatutakoan sei herri elkargoak biltzen dituzten 48 herrietan, urtero gehienik 70 hektarea baliatzen ahalko dira etxebizitza berriak eraikitzeko. Industria produktiboari loturiko jarduerak sortzeko, 17 hektarea izango dira.

Hamar urte barru 35.000 biztanle gehiago izatea aurreikusten da egitasmoak ukitzen duen eremuan. Ondorioz, 2025era bitartean 2.100 etxebizitza berri eraiki behar dituzte. «Laborantza lur gehiegi galdu da. Etxebizitza hedatuak lur-jaleak dira. Horrekin amaitu behar da», berretsi zuen Gracie Florence Ezpeletako auzapez eta Errobi herri elkargoko ordezkariak. Hiri erdiguneak trinkotuz, hiri erdiguneetan hurbileko komertzioak eta zerbitzuak sustatu nahi dituzte, eta, garraio publikoak garatuko dituzte, trena, ibai garraioa edota autobus zerbitzuak.

Hiru urte herrietan aplikatzeko

Lurralde Koherentziarako Eskemaren proiektua iragan maiatzaren 13an egindako bileran itxi zuten herri elkargoetako ordezkariek. Abuztu bukaeran eta irail hasieran, hilabete bat iraunen duen inkesta publikoa eginen dute. Behin bukatua, sei herri elkargoak proiektua behin betiko onartzeko batuko dira.

Herriek hiru urte izanen dituzte proiektuaren norabideak lekuko hirigintza planoetan barneratzeko.

154 hektarea

2000. eta 2009. urteen artean, natur eremuak, oihanak eta laborantza lurrak, ziren 154 hektarea hiritartu dira urtero. Proiektu berriarekin biztanleria %1 hazten bada, soilik lurren %0,4 baliatzen ahalko dira.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo