GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Mikel Zubimendi Kazetaria

Euzkitzerekin besaulkian

Ez daukat tele-biziorik baina telebista bai, eta ikusi, ikusten dut, bai. Askotan ere ez, baina, gauez, besaulkian botata, neka-neka eginda eta bakar-bakarrik, molusku baten gisara oskolean bildu eta munduan azkena sentituz ikusi ohi dut. Sosegua eta denbora-pasa bilatzen ditut, xederik gabe zapping eginez, loak gorputzari zatoz eta goaz noiz esan agindu arte. ETB ere ikusten dut eta egia esan, ikusi dudan bakoitzean tristura handi batek atrapatu nau. Igual zoriaren kontuak dira, txiriparen kapritxoak, baina euskarazko katera lotu naizen aldiro espantua sentitu dut, enpatxatua bukatu dut, errealitatean ala amesgaiztoan nagoen zalantzan. Pentsa, anbulatorioan txanda hartzeko beharrean nagoen ala ez kezkatuta, gertatu zaidana lagun pare batekin komentatu behar izan dut, eta zorionez, bakarra ez naizela ohartu naiz.

Badakit ETBren inguruan dauden demontreak zein tamainakoak diren. Berebizikoak, nire ustez. Jakin dakidanez eguraldiaren mapa eta teleberrien eskaletaren aldaketek ez dituztela zuzenduko. Baina eztabaida potolo horretan ez naiz orain arituko. ETB 1 ikusi dudan azken aldiotan gertatu zaidan horri lotuko natzaio, bere txikian daukan esanahi handiaz jabetuta.

Kontua da pilota partidak (eta errepikapenak), «Bisitaria» saioan, «Sorginen Laratza» saioa berriz ematean, «Kontuz Atsuak!» umore programan... Xabier Euzkitzeren inflazio totala dagoela. Zenbat programatan, zenbat aldiz, zenbat orduz... ni neu enpatxatu egiten nau eta ez diot esplikazio kabalik aurkitzen. Jakina badela esatari ona, noski baduela euskara dotore askoa eta profesionalki nik neuk inolaz ere gutxietsiko ez dudan esperientzia oparo baten jabe dela, baina, hainbesterainoko matrakak uste dut ez diola onik egiten ETBri. Ezta Euzkitzeri berari ere, gauza jakina baita prozesu inflazionarioek, errepikapenaren errepikapenaz, azkenean moneta debaluatu egiten dutela.

Uste dut, bestalde, lana eta aberastasuna banatu egin behar direla eta hainbeste ordu estra eta enplegu-aniztasun pertsona berean ez dela bidezko. Jende gaztea, apustu berriak, partida gehiago eta partiduko gutxiago, zapore freskoa eta harago ikusten duten ideiak... zenbat eskertuko liratekeen. Oxala!

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo