GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hector Meleciok Deisy Mendoza bikote ohia hil izana ukatu du epaiketan

2011n Deisy Mendoza emazte ohia hil izana leporatzen diote Hector Melecio Reynari. Atzo hasi zen epaiketa Bilboko Justizia Jauregian eta akusatuaren abokatuak onartu egin zuen bere bezeroak hilketa egin zuela. Herri akusazioak 30 urte eskatzen ditu; fiskalak, aldiz, 15.

p014_f01.jpg

GARA | BILBO

Emazte ohia hiltzeaz akusatutako Hector Melecio Reynak ukatu egin zuen atzo krimen hori egin zuela, baita alabei sexu gehiegikeriak egin ohi zizkiela eta familia osoari tratu txarrak ematen zizkiola ere. Kontrako ebidentzien aurrean, ordea, bere abokatuak urruntze agindua hautsi eta hilketa egin izana onartu zuen -tratu txarra eta umeen sexu gehiegikeriak ez-.

Aitorpen horregatik, fiskalak zigor eskaera jaitsi zuen: 15 urte homizidioagatik eta urte bat gehiago urruntze aginduari jaramonik ez egiteagatik. Herri akusazioak, aldiz, mantendu egin zuen bere 30 urteko eskakizuna: 20 urte erailketagatik, beste 6 alabei sexu gehiegikeriak egiteagatik, 3 familiari normalean tratu txarra emateagatik eta urte bat gehiago urruntze agindua ez errespetatzeagatik.

Bizilagun batek bere lekukotasuna ematean kontatu zuen gizonak biktimari eraso eta gero eskailera-buruan topo egin zutenean deskuidu batean aiztoa kentzea lortu zuela. Hildakoa lanean aritzen zen etxe bateko emakumeak ere eman zuen testigantza. Agertu zuenez, «beldurrez hila» bizi zen senar ohiak «edonoiz» hilko zuela susmatzen zuelako. Hori dela-eta, komisariara lagundu zion salaketa jartzera.

Hala, krimena baino hiru hilabete lehenago, Hector Melenio kondenatu zuen epai batek, bikkote ohiari mehatxu eta irainak egiteagatik eta familiaren etxera hurbiltzea debekatu zion, 500 metrotik gorako urruntze aginduarekin. Baina akusatuak behin eta berriz puskatzen zuen debeku hori, eta epaia eman eta egun batzuetara pastillak irentsi zituen umeengandik urrundu zutela-eta bere burua hiltzeko, akusatuak berak epailearen aurrean erran zuenez. Forentseek, ordea, ziurtatu zuten «ez zela suizidio saiakera serio bat» izan, «manipulatzeko keinua» baino.

Psikiatrek akusatuak familia osoa etengabeko indarkeria giro batean jarri zuela eta horrek hiru seme-alabengan eragin larriak izan dituela erantsi zuten. Hain zuzen, tratamendua jasotzen ari dira eta «herra eta gorrotoa» dira gailentzen zaizkien sentimenduak, «oraindik aitarenganako izan zezaketen maitasunaren gainetik».

Alabek badakite aita kartzelan dela baina oraindik beldur dira. Bost urtetatik aitak sexu gehiegikeriak egiten zizkiela azaldu zuten, eta forentseentzat «fidagarria eta egia» da kontakizuna.

Beste gizon bat atxilotuta

Bilbon epaiketa egiten ari ziren bitartean, Katalunia aldean Tarragonako eta Vilasecako mossoek atxiloketa baten berri eman zuten: gizon bat eta bere konplizea, Donostiako emazte-ohiaren eta bi seme-alaben etxean eraso egitea, hirurak hiltzea eta bertan zeudela uste zuen 600.000 euroak lapurtzeko asmoa izateagatik.

Poliziak agertu zuenez, 66 urteko gizonak sikario talde batekin kontaktua egina zuen diru guztia hartu eta gero bikote ohia eta seme-alabak hiltzeko.

Epaiketa irekia nahi du neska senpertar batek

Paueko Auzitegia Senpereko 52 urteko gizon bat epaitzen ari da egunotan. Bere alaba urteetan bortxatu izana leporatzen zaio. Normalean, biktimek horrela eskatuta, mota honetako epaiketak ez dira publikoak izaten.

Alta, kasu honetan, 27 urteko neskak auzia publikoa izan dadila deliberatu du eta, hortaz, ez du baliatu ateak itxita izateko legeak ematen dion aukera. «Nire bezeroak denbora gehiegiz jasan zuen jada isiltasunaren zama. Epaiketa ez publikoak ez dira akusatuak babesteko izaten, biktimak babesteko baizik», adierazi du gazte senpertarraren abokatuak.

Akusazioak adierazi duenez, 8 urte zituenetik 16ra bitartean pairatu zituen aitaren aldetik sexu-gehiegikeriak, baina 2006. arte ez zuen salaketarik ipini, eta egin zuenean, bere anaiak akusazioa erretiratzeko presionatu egin zuen. Aitak, berriz, suizidio saiakera bat egin zuen.

Akusatuak alabari «sexualki eraso» izana aitortu duen arren, bortxaketaren kargua ukatu egin du.

Epaiketan aitak bere «erantzukizuna onartu eta asumitzea espero du biktimak», abokatuaren esanetan: «Bere bizitza egiaz berreraiki duen egiaztatu ahal izango du horrela». Arantxa MANTEROLA

tarragonan

Mossoek gizon bat atxilotu dute Tarragonan Donostiako bere bikote ohiaren eta bi seme-alaben hilketa antolatzea egotzita. Dirudienez, etxean gordetzen zituztela uste zuen 600.000 euroak eskuratu nahi zituen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo