GARA > Idatzia > Mundua

Immigrazio erreformak mugarri handi bat gainditu du AEBetako Senatuan

Ameriketako Estatu Batuetako immigrazio erreformak mugarri garrantzitsu bat gainditu du Senatuan. Justizia batzordeak 11 milioi pertsona baino gehiagoren egoera legeztatuko duen testua onartu zuen. Orain Ordezkarien Ganberan du erronka.

GARA | WASHINGTON

AEBetako immigrazioaren erreformak, Barack Obama presidentearen lehentasunetariko bat denak, fase garrantzitsu bat gainditu zuen atzo, Senatuak onartutako testuarekin. Indarrean sartuz gero, legeztatzeko bidea irekiko die AEBetan bizi diren paperik gabeko 11,5 milioi pertsonei -gehienak mexikarrak-. Horretarako baldintzak isuna ordaintzea, laguntza sozialak behar ez izatea eta delitu larririk ez izatea izango dira. Gainera, 13 urteko epea itxaron beharko dute herritartasuna lortzeko.

Bisa eta lan baimenen sistema ere aldatuko da gaitasun berezia dutenen alde (zientzietan edo goi mailako teknologietan), baina baita kualifikazio gutxi duten langileen alde ere, nekazaritzan, eraikuntzan edota beste arlo batzuetan diren langile beharren arabera. Erreformak adostasun zabala lortu du. Senatuko Justizia batzordean, eta zortzi errepublikanotatik hiruk hamar demokratekin bat egin zuten agiria onartzeko -joan den apirilean bi alderdietako zortzi senatarik bidali zutenaren bertsio aldatua-.

Senatuaren osoko bilkurak onartu ondoren, lege-egitasmoa Ordezkarien Ganberan -errepublikanoek gehiengoa dute- eztabaidatuko dute eta behin betiko onarpena uda iritsi aurretik izatea aurreikusten da.

«Batzordekideen lana txalogarria da duten lan zailagatik, batez ere `Zortzien Taldearena'», adierazi zuen Obamak. «Batzordekide batek ere ez du lortu nahi zuena, nik ere ez, baina azkenean, amerikarrei lor daitekeen emaitzarik onena zor diegu», gaineratu zuen.

Hala, Senatuan, eta batez ere Ordezkarien Ganberan, adostasuna lortzeko alde batera utzi diren hainbat proposamen gogora ekarri zituen Obamak, errepublikanoek «gaizkiletzat» jotzen dituztenentzako «amnnistiari» uko egiten diotela-eta.

Adibidez, etorkinek osatutako bikote homosexualek ere -heterosexualek bezala- familia elkartzeko eskubidea jasotzen zuen proposamena kendu egin dute demokratek, errepublikanoen gaitzespena saihesteko.

Armen kontrola gogortzeko legeak porrot egin ostean, Obamak espero du immigrazio arlokoa bere agintaldiko erreforma handienetariko bat izatea.

Errepublikano asko ere aldaketaren alde daude, hautesle hispanoak bereganatu nahian.

Adostasunaren truke errepublikanoek Mexikoko mugan segurtasuna gogortzea lortu dute 3.000 milioi gehiago gastatuz. Halaber, sistema informatiko berri batek etorkinen migrazio-egoera aztertuko du, eta paperik gabeko pertsonak kontratatzen dituzten enpresek zigorra jasoko dute.

mexiko, pozik

Mexikoko Gobernuak AEBetako erreformaren emaitza «zabala eta ez baztertzailea» izatea espero du; «etorkin guztien ekarpenak onartzeko, gure bi herrien arteko elkarlan estrategikoa sakontzeko eta eskualdeko oparotasuna suspertzeko, gure bi herrien arteko langileen mugikortasunerako bide seguru eta antolatuen bitartez».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo