GARA > Idatzia > Kultura

«Ama Lur», Euskal Filmategiaren 35. urteurrena ospatzeko

Euskal Filmategiak 35 urte bete ditu, eta ospatzeko ekitaldi xumeak prestatu ditu. Victor Ericeren bi filmen emanaldia eskaini dute jada, baita ondorengo hitzaldia ere. Gaur, azken ekitaldi berezia egingo dute Antzoki Zaharrean; «Ama Lur» filmaren proiekzioa.
p047_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Euskal Filmategiak Nestor Basterretxearen eta Fernando Larruquerten «Ama Lur» pelikula proiektatuko du gaur erakundearen 35. urteurrenaren ospakizuneko egitarauaren barruan. Emanaldia 20.00etan izango da, Antzoki Zaharrean. Hasi aurretik, Peio Aldazabalek, alegia, Filmategiaren sortzaileetako batek, aurkezpen labur bat egingo du. Honek aipatu zuen berarentzat berezia izango dela ekitaldia, filma lehen aldiz zineman ikusi ahal izan zenean, 1968. urteko uztailean, bera Astoria zinemetako operadorea zelako. «Zinemaldian estreinatu zenean oraindik ez zuen lizentziarik. Azaroan berriro estreinatu zen, eta orduan ere nik proiektatu nuen», aipatu zuen Aldazabalek.

Antzoki Zaharrean ikusiko den filmaren bertsioa bere garaian zabaldutako berdina da. Erabiliko den kopia, ordea, inoiz proiektatu ez den bat da, kontserbaziorako gordetzen dena. «Momentu berezietarako erabili ohi dira honelako kopiak, eta hau une berezi bat da», nabarmendu zuen Aldazabalek. 1968an, frankismoa zela-eta, «Ama Lur» filmak zentsura jasan zuen, baina oso zentsura berezia; elementuak kendu beharrean, gehitu egin behar izan zituzten, Joxean Fernandez filmotekako zuzendariak azaldutakoaren arabera. Hala, filmak abertzaletasuna transmititu beharrean, estatu espainoleko lurraldeetako edertasuna goraipatu zezan saiatu ziren. Horretarako, audioan «España» hitza hiru aldiz gehitzera behartu zuten zentsoreek; eta amaieran, Gernikako Arbolaren plano eguzkitsuaren partez, berezko grabaketan elurra ageri zen.

Basterretxea eta Larruquerten lan hau euskal zinemaren historian aitzindari gisara kokatzen du Fernandezek, eta horregatik erabaki zuen Filmategiak urteurreneko ospakizuna borobilduko duen filma hori izatea.

Etorkizunera begira

Joxean Fernandezek emanaldiaren iragarpena aprobetxatu zuen Filmategiaren etorkizunaren aldeko apustua plazaratzeko. 2015. urtean Tabakalerara joango dira beste hainbat erakunderekin batera, eta espero dute honela euren ibilbidea lurralde osoan gehiago zabaltzea. Alde batetik, euskal zinemagintzarekin zerikusia duten lanak berreskuratu eta gordetzen jarraituko dute, eta beste batetik, Euskal Herriko hiriburu guztietan programatuko dituzte proiekzioak, azken bi urteetan prestatutako zikloekin egin duten bezala. Gainera, espazio handiagoa izango dutenez, artxibo guztia bateratzea lortuko dute eta proiekzio gela propioa izango dutenez, programazio finko bat prestatuko dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo