Irati JIMENEZ Idazlea
Zertarako
Enric Gonzalez kazetariak bota du: «Kazetaritzaren arazoa irakurleak dira». «El País» egunkariak egin du Gonzalezen izana, nahiz eta izena, aspaldi honetan, «El País»-etik kaleratzeak eman dion. Ezin esan titular goxoen lagun denik. Juan Luis Cebrian enpresarekin jokoan dabilen ludopata dela esan izan du. Adorea behar da. Eta adore falta da, hain zuzen, irakurleei leporatzen diena. Potroak, bere hitzetan, baina matxismoaz lerro batzuk aurrerago hitz egin nahiko nuke. Irakurleek ez daukagula, dio, gure ideologiarekin bat ez datorrenik irakurtzeko gogorik. Eta hori (ere) ari omen da kazetaritza odolusten.
Arrazoi du. Asteleheneko egunkariak gehiago saltzen dira bertako futbol taldeak igandeko partida irabazi badu. Mundua era batera ikusten dugu eta gustuko egunkaria erara ez datorrenean zertara datorren galdetzen dugu, noren jokoa egitera. Hala ere, ezin Gonzalezekin ados egon. Deseroso sentiarazten nau irakurlearen kontraka dabilen kazetaria. Irakurlearekin komunikatu behar du. Ez badu harengan gutxieneko konfiantzarik... nola jardun liteke?
Antzeko erosotasun falta sentitu dut azkenaldian feminismoaz hitz egin eta emakumeei soilik zuzentzen zaizkien emakumeak irakurtzerakoan. Kalean ere entzuten ditut andreak, lagunak, kideak, matxismoaren ardura gizonen bizkar gainean kokatzen. Aspaldiko diskurtsoa berpizturik? Pena litzateke. Orokorragoak baitira gizonkeriaren pribilegiora lotzen gaituzten ohiturak, jardunak, keriak.
Kazetaritzak baditu irakurleekin arazoak. Eta feminismoak gizonekin. Baina arazoa irakurleak badira, arazoa gizonak badira orduan galdera ez da zer egin behar dugun, baizik eta zertarako egingo dugun ezer. Edo zergatik merezi duen.