GARA > Idatzia > Kultura

Gora Iruñea plataformak Jai Gunearen karpa Runa parkean muntatuko duela iragarri du

Plataformak karpa bat jartzeko baimena eskatu zion iaz Udalari, eta ezezkoa jaso zuen. Aurten, zuzenean, bertan egingo dituzten ekitaldien berri eman du, jai herrikoientzako espazio bat merezi dutela aldarrikatuz.

p049_f02.jpg

GARA | IRUÑA

Gora Iruñea plataforma 2006tik geroztik ari da jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunen aldeko jardunean. Euren festa nagusiek, sanferminek, ere kutsu hori izan dezaten Jai Gunea muntatuko dutela iragarri dute. Iaz Runa parkean euren karpa jartzeko baimena eskatu zioten Udalari, eta ezezkoa jaso zutenez, aurten zuzenean aurrera eramango duten egitaraua iragarri dute «Aurten bai» lelopean. Askotariko ekintzen bidez jai herrikoi, parte hartzaile, parekide eta euskaldunak aldarrikatu nahi dituzte. Ideia hori jendartean zabaltzeko #AurtenBai hashtag-a erabiltzen ari dira Twitter eta Facebook sare sozialetan.

Gauero musika emanaldi bat izango da gutxienez eta egunean zehar bestelako ekintzak prestatuko dituzte ahalik eta jende gehiena erakartzeko. Lehenengo gauean DJ emanaldiak izango dira eta uztailaren 7an, berriz, Txikidantzek dantzaldi bikoitza eskainiko du, arratsaldez eta gauez, eta hurrengo egunean Trapu Zaharra taldeak antzerki emanaldia egingo du.

Hala ere, jende gehien erakarriko duten ekitaldiak kontzertuak izango dira. Gora Iruñeako karpatik pasatuko dira puntako talde eta bakarlariak: Suntsiketa, Kaotiko eta Lehendakaris Muertos (uztailak 8); Marianitoz Blai, Itziarren Semeak, Vendetta, Euskokabaret eta Txaranga Pastors of Muppets (9an); Sho-Hai & Shelazz, R de Rumba eta Raperos de Emaus (10ean); El Drogas, Narco eta Reincidentes (11n); Tximeleta eta Ai Ene! erromeria taldeak (12 eta 13an); Governors (13an, 5.000 pertsona inguru espero dituzte); eta Mikel Urdangarin (14an). Baina dena ez da musika izango. Kirol probek ere izango dute lekua Jai Gunean. Izan ere, hilaren 9an txikiak arituko dira krosean, eta horien ostean helduak, umeak beraientzat antolatutako tailerretan jolasean dabiltzan bitartean.

Eta indarberritzeko, kalderete lehiaketa baino hoberik ez da izango. Horrez gain, ardoz lagunduriko hainbat dastaketa egingo dira (gazta, txistorra eta txahala). Uztailaren 13an, berriz, txokolatada egin eta ogi mamiak banatuko dituzte. Jarraian, herri bazkaria egingo dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo