GARA > Idatzia > Kultura

Despisteen bidaiari gorazarre egin dio Peru Magdalenak

Azkenaldian poesian, haur literaturan nahiz pinturan dabilen Peru Magdalena durangarrak «Egia esan» nobela eman du argitara. Bilaketari, bideari eta bidaiari gorazarre egiten die bertan, aita-semeen arteko harreman baten testigantzaren bidez. Kimu semea bere aitak Argentinako Andeetan egindako bidaia errepikatzen saiatuko da, honek bidean idatzi zuen koadernoa hartuta.
p048_f01_148x108.jpg

Ane ARRUTI | DONOSTIA

«Literatura despistea da. Idazten hasterakoan plan bat dugu buruan, plan lanbrotsu bat akaso, baina norabide bat bai gutxienez. Demagun hemendik Baionara joatea pentsatzen dugula. Baina gero bide ertzeko loreei begira despistatu egiten gara, harri bat dago erdian, zuhaitz bati kimuak hasten zaizkio eta, konturatzerako, Erronkarin gaude txikito bat hartzen». Horrela definitu zuen Peru Magdalenak (Durango, 1980) literatura. Eta hori egin du bere «Egia esan» (Elkar) nobelarekin, bidaiari gorazarre, eta bidea bera, nobela.

Izan ere, Carl Gustav Jung psikiatra suitzarrarekin bat etorriz, durangarrarentzat artea ez da sakonera jotzen duzunean lortzen duzun sakontasuna, «baizik eta kanpora botatzen duzun lurra. Kanpora botatako lur hau da, nire bilaketa honetatik ateratako lurra. Eskertu egin gura diot balizko irakurleari lur hau bere egitea», esan eta irudikatu zuen, aurkezpenean lurrez estali baitzuen mahai gainean jarritako bere liburua. «Idatzi ahala, gure barruan bilatzen gabiltza eta bilaketa horren zuzeneko emisioa da agian literatura», erantsi zuen.

Aitaren bidaia

«Egia esan» nobelan aitatasunaren gaineko hausnarketa bat egiten du, aita-seme erlazio baten testigantza. Kimuren aitak bidaia bat egin du Mongoliara eta ez da itzuli. «Semea orduan hankamotz gelditzen da», baina aitaren lagun minak behin berarekin egindako bidaia batean Kimuren aitak idatzitako koaderno bat ematen dio.

Eta koaderno horri jarraiki, bidaia bera egitera abiatuko da Kimu Argentinako Andeetan, zaldi gainean, nahiz eta bidaia bakoitza ezberdina den. «Bizitzan bezala, askotan ez dugu jakiten erabakiak zergatik hartzen ditugun, konbinazio eta karanbola ekaitz moduko bat da. Kimuk bidaia hori egitea erabakiko du. Era batean, bere aitarena berreginez, baina inoiz ezin daiteke beste bidaia bat berregin, beti egiten duzu zeurea. Eta zenbat eta urrunago joan, gero eta barrurago sartzen da Kimu».

Peru Magdalenak berak ere egina du duela urte batzuk antzeko bidaia bat, eta noski, bidaia hartatik ere asko edaten du nobelak. «Geuk ere egin genuena gogoratzen dugunean fikzioa egiten dugu», ohartarazi zuen hala ere.

Xabier Mendiguren editoreak azaldu bezala, «egia esan» hizketan ari garenean erabiltzen dugun makulu bat eta, aldi berean, «idazlearen asmo bat da liburu honetan; ez bakarrik egia esatea, baizik eta egia gezurra bezain eder esatea».

Arteak eta artistek presentzia handia dute narrazioan, eta kantuak, poemak nahiz bidaiako mapak ere tartekatzen ditu.

Bidea

Aitatasunaren inguruko hausnarketa egiten du liburuak, baina baita bidearen eta bidaiaren aldarria ere. Andeetan galduta zeudela jaio zen «Hobeto filosofia»ren inguruan sakontzen ere jarraitzen du durangarrak.

Bestelako lanak

Gotzon Garaizabal lagunarekin batera duen 2d1 proiektuarekin, «Kiribil» erakusketa inauguratu berri du Peru Magdalenak Bilboko Alondegian. Uztailaren 15era arte egongo da ikusgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo