sega
Europako Txapelketari begira abiatuko da Beramendin aurtengo denboraldia
J.L.
Segalarientzat hastera doa denboraldia, eta nazioarteko erako probekin abiatuko da gaur 17.30ean Beramendin. Aurten Europako Txapelketa jokatuko da irailaren 7an Hego Tiroleko Toblach herrian, eta hari begira jokatuko da gaur hasiko den Euskal Herriko Liga.
Hiru jardunaldiren ostean punturik gehien dituzten hamar mutil, eta bost neska sailkatuko dira Txapelketa hartarako, eta Euskal Herria ordezkatzeko ohorea izango dute. Horretarako, ordea, lana gaur hasiko zaie, eta han izan nahi duenak gauzak oso ongi egin beharko ditu.
Gaurko saioan, mutilek 100 metro karratuko sail bana moztu beharko dute. Hor azkartasuna eta txukuntasuna uztartzen dira, ez baitu balio saila azkar ebakitzeak. Txukun ez badute mozten, zigorrak ezarriko zaizkie. Segalari asko izango dira lanean, baina, besteak beste, hantxe izango da Igor Esnaola, iazko txapelduna. Berarekin batera, Joxe Gabirondo, Goenaga, Etxeberria, Altzo, Agirrezabala, Mitxelena eta Urkola, besteak beste, lehian arituko dira.
Emakumezkoek, berriz, 35 metro karratuko sail bana ebaki beharko dute, eta mutilen kasuan bezalaxe, azkartasuna eta txukuntasuna uztartuko dituzte. Hemen ere parte hartzaile ugari izango dira, baina beste guztien gainetik iazko txapelduna, Alatzne Etxaburua nabarmentzen da. Arrate Garin ere parte hartzekoa zen, baina lan arazoak direla-eta, gaur ezingo du jardun. Imaz, Galarraga, Antsa, edo Astondoa Beramendin izango dira lan ona egin nahian.