Gibraltar UEFAko kide izatea bidezkoa bezain ulertezina da Euskal Herriari bidea ixtea
Atzotik, Gibraltar Europako Futbol Federazioen Elkarteko (UEFA) kide da, eskubide guztiak aitortuta. Jakina -eta ohikoa- denez, Estatu espainola onartzearen aurka zegoen, baina haren oposizioa ez da nahikoa izan Gibraltarren eskaera atzera botatzeko. 2001ean egin zuten araudi aldaketa ere ez da hartarako oztoporik izan. Urte hartan indarrean jarri zuten arauak dioenez, NBEko estatu gisa onartutako herrialdeak baino ezin dira sartu UEFAra; hala ere, Kirol Arbitratze Epaitegiak (TAS) argudiatu zuen Gibraltarrek 1997an hasi zituela elkartutako federazio gisa onartua izateko izapideak.
Gibraltar UEFAko kide da, beraz, estaturik gabeko beste herrialde batzuk bezala eta beste batzuei atea itxi dieten garai berean. Gibraltar bai, eta ez, esate baterako, Euskal Herria edo Katalunia. Logikarik sinple eta zorrotzenaren aurkako erabakia da, baina ez Gibraltar UEFAn onartzearen erabakia, beste zenbait nazio ez onartzearena baizik. Izan ere, argudio legalak edo lege itxurako amarruak alde batera utzita, gaur Gibraltar UEFAko kide izatea bidezkoa den neurri berean, ulertezina da Euskal Herriak bide hori itxita izatea. Ulertezina eta bidegabea, jakina.