GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga | Kazetaria

Legearen inperioa ez: mendekuarena

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak Josu Ziganda kartzelatik atera izanaren aurkako helegitea aurkeztuko omen du. AVTk Grande-Marlaska epaileari «terroristen alde» jarri izana leporatu dio. Eta ez da falta izan, Zigandaren eta Karlos Apeztegiaren askatasuna ontzat jota ere, «behar luketen baino lehenago» atera direla esan duenik ere.

Ez, Ziganda eta Apeztegia ez dira dagokien baino lehenago atera, askoz beranduago baizik, eta Auzitegi Nazional espainolak berak aitortu du hori; beraz, bion kasuan ez da legea, hain zuzen Estatu ustel honetan edozertarako makulu eta aitzakia gisa hitzetik hortzera erabiltzen den legea, bete. Apeztegiari kode berria aplikatu diote, zuzen aplikatu ere -araudiak ezin baitira atzerako eraginez aplikatu... baldin presoaren kalterako gertatzen bada; haren onerako bada, ordea, zigorra presoari komeni zaion eran aplikatu behar da-, berandu baina. Zigandari, berriz, kode zaharra aplikatu diote, eta Auzitegi Konstituzionalaren ebazpen batean oinarrituta, zigorra beteta duela ondorioztatu dute. Aspaldi beteta. 197/2006 doktrina ezarri dieten lagunek bezala, zigorrak aplikatzeko interpretazio berri hori jurisprudentziaren eta Zigor Zuzenbidearen filosofia modernoaren aurkako amarrua besterik ez da-eta, preso jakin batzuk kaltetzeko berariaz egina, eta ez, inondik inora, «legea betetzeko» tresna. Fiskaltzak, PPk eta biktimen zenbait elkartek aldarrikatzen dutena mendeku gosearen eta gorrotoaren ondorio da, legearekin zerikusirik ez duena.

Hau ez da atzo goizeko kontua. Zuzenbide estatua eta legea hitzezko totem faltsua dira Estatu hauetan, eta esandako jendeak, Urquijok eta gisakoek ere badakite erretolika hutsa direla. Mendekatiak dira, baina ergeletik gutxi dute, eta ondo dakite Estatu espainolak legearen aplikazio bitxia egin izan duela aspaldi luzetik Euskal Herriaren askatasunaren aurka, legeen alderdi zapaltzailea modurik zorrotzenean aplikatuz eta lege berorien alderdi aringarria aplikatu gabe.

Josu Zigandak eta Karlos Apeztegiak zegokien baino denbora gehiago eman dute kartzelan. Eta lagun horiei dagokienez, jadanik ez dago ez legea betetzerik, ez justizia egiterik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo