GARA > Idatzia > Kultura

Donostiaren berreraikuntza gogoan, Musika Hamabostaldian

Donostiako Musika Hamabostaldiaren 74. edizioa da aurtengoa. Hiriaren sarraski eta berreraikitzearen bigarren mendeurrenaren ospakizunekin bat egingo du bere programazioan eta hiru kontzertu berezi eskainiko dizkio gertaerari. Jasaten ari garen krisiak ere eragina izango du jaialdian, baina kulturari inoiz baino garrantzi handiagoa eman nahi diote antolatzaileek.

p055_f01.jpg

Nagore BELASTEGI | DONOSTIA

Urtero bezala, uda musikarekin lotuta iritsiko da Donostiara, abuztuaren 1etik 31ra bitartean Musika Hamabostaldia ospatuko baita. Aurtengo 74. edizio honetan, aurrekontua 250.000 euroan murriztu bada ere, iazko antzerako kontzertu kopurua lortu dute: 63 proposamen, 9 ziklotan banatuta. Gainera, ohi bezala, egitarauaren zati handi bat hiriburuan kokatzen bada ere, Gipuzkoako beste zenbait lekutara ere iritsiko dira emanaldiak, ziklo ibiltariei esker.

Atzo Kursaalen egin zuten jaialdiaren aurkezpenean antolatzaileak zein babesle pribatu eta publikoen ordezkariak izan ziren. Patrick Alfaya Hamabostaldiaren zuzendariak aipatu zuen berari egokitu zaion garai hau ez dela onena, eta horregatik asko estimatzen dituela laguntza eskaintzen dietenak, baita publikoa ere. Joxean Muñozek, Lakuako Kultura sailburuordeak, Alfayarekin bat egin zuen esanez euren helburua gero eta jende gehiago erakartzea dela jaialdiaren iraunkortasuna ziurtatzeko.

Azken lau urteetan sarreren prezioa igo ez badute ere, aurten %10 igotzera behartuta egon dira BEZaren igoeraren ondorioz. Hala ere, pareko beste jaialdien prezioekin alderatuta, merkeagoa da Donostiakoa. Publikoa, gainera, oso ondo ari da erantzuten 600 abonamendu berritu direlako aurten (iazkoen %92,5). Guztira, Hamabostaldiak esku artean duen aurrekontua 1.160.000 eurokoa da, 2012ko jaialdirako zituzten 1.410.000 euroen aurrean.

Aurrera egiteko borondatea

Joxean Muñozek aipatu bezala, 74 urte beteak dituela, ohikoa da Musika Hamabostaldiaren berri izatea, baina ez da ohikoa mota honetako jaialdi batek hainbeste denbora osasuntsu irautea. «Beti da berezia», azpimarratu zuen. Eta aurten berezia egingo duen ezaugarrietako bat da Donostiaren suntsiketaren bigarren mendeurrena ospatzen dela. Urte osoan zehar ari dira 1813ko sarraskia oroitzen hirian egiten ari diren ekitaldi ugarirekin, eta Hamabostaldiak ere horiekin bat egin nahi izan du.

Suntsiketa oroitu beharrean, donostiarrek hartu zuten erabakia da ospakizun guztiek oinarrian duten ideia, alegia, hirira itzuli eta berreraikitzen hastea. Juan Karlos Izagirre Donostiako alkateak gogora ekarri zituen 1813ko hiritarrak esanez, «espiritu horri eutsi nahi diogu, garai latzak gainditzeko adorea zuten». Era berean, Patrick Alfayak adierazi zuen beraiek gai izan baziren egun gu bizitzen ari garen krisia baino gogorragoa zen egoera batetik ateratzeko, guk ere ahal izango dugula.

Ikerne Badiolak, Gipuzkoako Aldundiko Kultura diputatuak, ere ildo beretik jo zuen. «Uste dugu kultura garrantzitsua dela, ez dela despilfarro bat, baizik eta inbertsio bat. Musika terapia bat da krisi garai honetan», esan zuen, bide batez kultura arloko aurrekontuetan izaten ari diren murrizketak salatuz.

Aurrera egiteko nahi hori goraipatzeko asmoz, egitarau oparoa prestatu dute 1813ko sutea eta hiriaren berreraikuntza oinarrian dituztela, eta batez ere Kursaalen eskainiko dituzten hiru kontzertutan kontatuko digute hirian gertatutakoa: Xostakovitxen 13. sinfonian, «Babi Yar»-en (abuztuak 4) suntsiketa islatuko dute; Nielsenen «Agortezina» sinfoniarekin (abuztuak 24) hiriaren suspertzea eta giza borondatearen indarra goraipatuko dute; eta abuztuak 31n -hain zuzen, egun horretan suntsitu zuten tropa napoleonikoek hiria- Mahlerren «Pizkundea» izango da entzungai.

Berrehun urte betetzen dira ere Verdi eta Wagner jaio zirenetik. Hori ospatzeko bi konpositoreen lanak entzun ahal izango ditugu, tartean «Traviata» opera.

HARRIBITXIAK

Etorkizunean oso ospetsu bihurtu eta Donostiara ekartzeko zailago izango diren «landugabeko diamanteak» gonbidatzen dituzte. Aurtengo harribitxia Robin Ticciati zuzendari gaztea da.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo