GARA > Idatzia > Kultura

John Cheever idazleak itxiko du Literatura Eskolako «Trukeurtea», Harkaitz Cano akuilari dela

Bertaratzeko gonbitea «literaturzalea den oro etor daiteke» esanda luzatzen zuen Literatura Eskolak «Trukeurtea» izan du 2012-2013 ikasturtea: «Ez dugu titulurik ez eskatzen ez eskaintzen».

Anartz BILBAO | BILBO

Literatura Eskolak hilabetero saio bat egin du Euskal Herriko zazpi bazterretan, urriaren 27an Aiora Jakak, Sarrionandiaren itzulpengintza berbagai hartuta, ikasturtea Hendaian abiatu zuenetik. Eta gaur itxiko du «Trukeurtea» deitu duten 2012-2013 ikasturtea, Bilboko Alondegian (10.00etatik 14.00etara) azken hitzordua eginda.

Saioak Harkaitz Cano izango du akuilari, eta honek John Cheever idazle estatubatuarra izango du berbagai. Idazle lasartearra hizlari ezaguna dute Idazle Eskolako kideek, eskarmentua baitu eskolak ematen. Bilbon bertan, esaterako, 2007-2008 ikasturtean Raymond Carver izan zuen hizpide, eta honek bere editorearekin zuen harremana eman zuen ezagutzera. Aurten, Cheever zalea zela jakitun, proposamena luzatu zion Literatura Eskolak; eta baietza eman zion erronkari.

Datorren astelehenean, maiatzak 27, 101 urte beteko dira John Cheever Massachusetts-en jaio zela, eta aurten 31 New York-en zendu zela, 70 urte zituela. Estatubatuarrak Pulitzer sari itzaltsua erdietsi zuen 1979an, eta asko dira bere ipuin eta nobelek izan dituzten telebista edo zinemarako egokitzapenak.

Cheever-ekin alderatuta, «Gurean arrakasta eta estimazio gehiago izan du Raymond Carver-ek», onartzen du Harkaitz Cano berak; «lehorragoa, sintetikoagoa da hura eta pertsonaia marjinalagoez arduratzen da». Batak zein besteak arrakasta izan ei zuten SESB ohian, AEBetako alderdi iluna erakusten zutelako. «John Cheever-en pertsonaiak aldiz, klase ertainekoak dira, burgesak eta ikasiak asko eta bere mundua zabalagoa eta irudimentsuagoa da, zentzu askotan. Carver-en ipuinetan ez da ia ezer gertatzen, tentsio hutsa dira narrazioak. Cheever-enetan berriz, gauza asko gertatzen dira».

Ipuingile bezala omen da ezagunagoa Cheever, «eta nobelak egiten zituenean ere ipuinak harilkatuz idazten zituela leporatzen zioten askotan», jakinarazi digu Harkaitz Canok. «Halere, saga oso bat eta AEBetako garai oso bat erretratatu zuen bi nobela marduletan: `The Wapshot Chronicle' eta `The Wapshot Scandal'».

Euskaraz lan bakarra dugu John Cheever idazlearena, «Igerilaria», Jasone Larrinaga itzultzaile izan duena eta Armiarma atariko «Euskarari ekarriak» sailean dago eskuragarri: «Cheever-en ipuin onenetako bat dela esan ohi da, 1964an `The New Yorker'-en argitaratua. Hasiera batean nobela izateko asmoa zuen, 150 orrialde bete ohar idatzita baitzeuzkan, baina narrazio moldea eman zion azkenean. Hartan oinarrituta, Frank Perryk film bat egin zuen 1968an, Burt Lancaster protagonista zuela», diote webgunean. Gainera, ipuina entzuteko aukera ere bada, Ana Moralesek gidatzen duen Bilbo Hiria irratiko Xerezaderen Artxiboa atalerako grabatu baitzuten.

Canok egoki ikusten du «Igerilaria» ipuina Cheever ezagutu nahi duenaren abiapuntu gisa, eta gazteleraz ere badakigunontzat, antologia interesgarri bat gomendatu digu, «La geometría del amor»; baita «Falconer» ere, «ziurrenik bere nobela laburretan biribilena».

Bilboko Eskolan aipatutako nobela eta ipuinak izango ditu aztergai Canok, «eta haren diarioei ere erreparatu nahi nieke. Oso interesgarriak dira, pertsonaia atormentatu eta obsesiboaren lekuko».

Literatura Eskola alde batera utzi eta Harkaitz Canorekin jarraituta, lasartearra izango da aste honetako protagonista nagusia TVE-ren La2 katean literatura ardatz duen «Página 2» saioan. «Harkaitz Canok bere azken nobela gazteleraz argitaratu berri du -dio telebista saioko webguneak-, `Twist', tortura eta hilketa istorio bat, fikzioaren bidez bikain birsortua». «Pagina 2» igandetan eskaintzen da, 21.00etan.

IKASTURTEA

Aurten berbagai izan dira, besteak beste, Txillardegi idazlea, Amaia Ezpeldoi pertsonaia edo «Gure literatura erdaretan» moduko gaiak. Akuilari, Markos Zapiain, Elizabete Manterola edo Iratxe Retolaza. Gaur dute urteko azken eskola, Bilboko Alondegian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo