GARA > Idatzia > Kultura

Estibalitz EZKERRA | Literatur kritikaria

Antigona revisited (II)

 

Sofoklesen antzezlana denetariko azterketa eta teorien iturri izan da. Haietan azkenetariko bi Jacques Derridak eta Judith Butlerrek planteaturiko irakurketak ditugu, biak ala biak legeak «Antigona»-n jokatzen duen rolaren ingurukoak. Derrida eta Butler bat datoz puntu batean: legeak sortzen du salbuespena, eta horren arabera erabakitzen da nor izan daitekeen ehortzia eta nor ez. Butlerrek «Antigona»-ren kasuari jarraituz gizatasunaren eta giza gorputzaren inguruan idatzi eta esandakoak zinez interesgarriak iruditzen zaizkit, Irailaren 11 geroztik subjektu «terroristaren» inguruan zabaldu den diskurtsoaren nondik norakoak deseraikitzen dituelako.

Butlerren arabera, bizitza batzuek balio bat dute, hots, bizitzak bezala antzemanak dira (ondorioz, haien galerak dolua eragiten du), baina beste batzuk ez dira bizitza moduan antzemanak, eta beraz, haien galera ez da nozitzen. Terrorista azken kategorian sartuko litzateke. Baina Butlerrek gogorarazten digun bezala, ez da hura bizitzadun izaki bezala antzemana ez den subjektu bakarra. Etorkina, emakumea, homosexuala, musulmana... Alegia, «bestea»-ren kategorian sartzen den edonork patu bera du. Arazoa zera da, urgentziazko kasuetan gizatasuna aipatzen dugula ebidentzia bezala (gizatasunez jokatzea da Tamerlan Tsarnaeven familiari hura ehorzteko eskubidea onartzea), ohartu gabe kontzeptu horrek berak mobilizatzen duela diskriminazioa, gizatasuna zer den dakigu ez-gizatasunaren definizio bat dugulako, eta azken hori gorputza antzemateko modu jakin batean oinarrituta dago. Antigonak desafio egiten dio hautemate eta jakintza prozesu horri.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo