GARA > Idatzia > Mundua

Berrogeita hamar urte Afrikaren batasunaren aldeko lanean

OUA Afrikar Batasunerako Erakundea sortu zutenetik 50 urte bete direla-eta, Addis Abeba Etiopiako hiriburuak ospakizunak hartu zituen atzo. Kontinenteko agintariekin batera, bertan izan ziren Dilma Rousseff Brasileko presidentea, Wang Yang Txinako lehen ministroordea, Mahmud Ahmadinejad Irango presidentea eta John Kerry AEBetako Estatu idazkaria. François Hollande presidente frantsesa eta Jose Manuel Durao Barroso ere bertan izan ziren.

p026_f01_199x140.jpg

GARA | ADDIS ABEBA

Hailemariam Desalegn Etiopiako lehen ministroak egin zituen anfitrioi lanak Addis Abeban, hiri honek hartu baitzuen orain 50 urte OUAren sorrera. «Pobreziarik eta gatazkarik gabeko kontinentea eraikitzea» da elkartutakoen helburua, Desalegnek esan zuenez.

«Afrikak dituen arazoentzako afrikar konponbideak behar direla esaten dugunean, oso kontuan hartzen dugu armak behin betiko isilarazteko elkartasunez eta bat eginda jardun behar dugula», adierazi zuen Nkosazana Dlamini-Zuma Hegoafrikako Atzerri ministro ohi eta UA Afrikar Batasuneko batzordeko presidenteak.

Afrikaren batasuna helburu zuen OUAk UAri utzi zion lekua 2002an. Afrikako estatuen arteko batasuna eta elkartasuna indartzea; afrikar herrialdeei bizi-baldintza hobeak eskaintzeko lanak koordinatu eta areagotzea; beren subiranotasunaren, lurraldetasunaren eta burujabetzaren alde egitea eta kolonialismoa ezabatzea eta nazioarteko lankidetza bultzatzea, Nazio Batuen Gutuna eta Giza Eskubideen Agiri Unibertsala kontuan hartuta, ziren 1963an sortutako erakundearen helburuak. Garai hartan independentzia lortuta zuten kontinenteko 32 estatuek eratu zuten OUA.

Helburu haiek bete gabe jarraitzen dute, ordea. Onartu behar da herrialde batzuetan ekonomiak gora egin duela, batez ere azken urteotan (Afrikaren hazkunde ekonomikoa %5etik gorakoa izan zen urtero 2001etik 2010era, beste kontinenteetakoa baino handiagoa), eta nolabaiteko bakea ezagutzen dutela afrikar gehienek, populazioaren %90ek, Prensa Latina Kubako agentziak egin duen kalkuluaren arabera.

Baina muturreko pobrezia ikaragarria da oraindik leku askotan, eta goseteak ere maizegi bihurtzen dira albiste, gaur egun batez ere Sahel eskualde zabalean.

Emakumeen eskubideei dagokienez, urrats bat aurrera egiten den bakoitzean, kontinenteko beste punturen batean atzera egiten dute.

Hala ere, zer ospatu badagoelakoan daude Addis Abeban elkartu diren agintariak. Kolonialismoari amaiera jartzea litzateke lorpenik aipagarriena, 1963an gaur egun independente diren Estatu asko Europako potentzien esku baitzeuden. Horixe nabarmendu zuen Konjit Sinegiorgis etiopiar enbaxadoreak.

Mendebaldeko Sahara da salbuespen bakarra. OUAk sahararren Estatua ezagutu zuen, eta Marokoren okupazioa salatu, eta horrexegatik Mohamed VI.aren herrialdea da gaur egun UAn ez dagoen bakarra.

Maroko, Afrikakoa izanda, UAn ez dagoen Estatu bakarra da. Txina ez dago Afrikan, baina beste askok baino gehiago egin du UAren alde. Atzoko bilera hartu zuen egoitza Asiako herrialdeak ordaindu du (145 milioi euro). 2.500 pertsona hartzeko gai den hitzaldi-aretoa eta beste zerbitzu ugari ditu txinatarrek bi urtetan eraikitako guneak. Afrikar agintariek eskertu egin zieten laguntza txinatarrei.

TXINA eta AEB

UAko agintariek Txinari emandako laguntza eskertu bazioten, Kerry AEBetako ordezkariari ez zion inork ezer eskertu. Atzo ere errieta egiten ibili zen Kerry, Sudango agintariei alde batetik (herrialdean dauden gatazken harira), eta Nigeriakoei bestetik.

Emakumea da Afrika 2063 Agendako protagonista nagusia

Nkosazana Dlamini-Zuma hegoafrikarrak esan zuen kontinentea bide egokian doala ekonomiari dagokionez, baina emakumeen eskubideen inguruan lan asko egin beharrean dagoela. Puntu horixe nabarmentzen du Afrika 2063 Agendak, hurrengo bost hamarkadetan egin beharrekoa laburtzen duen dokumentuak. Herrialde guztiek esaten dute bat egiten dutela helburu horrekin, baina oraingoz Afrikako 54 herrialdeetatik 10 besterik ez dira iritsi beraien Parlamentuan eta Gobernuan kideen %30 emakumezkoak izatera. Bidea luzea da oraindik. GARA

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo