GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria Irakaslea

Paris eta elkarrizketa

Euskal Herritik Parisera igortzen diren mezuak oso sinpleak dira eta konpontzen errazak, elkarrizketarako eskaera handia baita. Hitz egiteko, negoziatzeko, bide guztien jorratzeko nahikeria zabala da. Parisetik igortzen diren mezuak hetsiak dira

Polinesia frantses lurraldea da, omen. Polinesia Frantses kolonia dela diote Nazio Batuek. Deskolonizatzeko herrien zerrendan jarri dute. Nazio Batuek plazaratutako adierazpenean autodeterminaziorako eskubidea aitortzen zaio Polinesiari. Frantses Gobernuari bertako agintariekin elkarrizketa gehiago zabaltzeko eta autodeterminaziorako bidea irekitzeko aholkatu dio maiatzaren 13ko agirian. Lau egun berantago Parisetik erantzuna heldu zen. Frantziako Barne arazoetan esku hartzea dela, Polinesiako herritarren eskubide demokratikoen kontrako erasoa dela erantzun dute. Noski, Frantziarentzat, autodeterminazio eskubidea begien aurrean ezartzea ezustekoa izan da, publikoki kolonizatzaile deitua izateak ez du aulki hoberenean kokatzen. Giza eskubideena omen den herriarentzat «kolonia» hiztegitik desagertua izatea nahi luke. Nolabait, zaflako publikoa...

Dena errateko, duela gutxi arte independentistak zeuden Polinesiako Parlamentuaren buru. Azken hauteskundeetan izendatu duten presidentea frantses eskuineko partaide ezaguna itzuli da, Gaston Flosse. Gaur egun, Polinesiak arazo ekonomiko larriak ditu, inguruko herriekin harremanen indartzeko ahaleginetan dabil, independentziaren lerroa jorratuz. Aldaketa politikoak baldintzak aldatzen ditu, orain arte egindako lana hankaz gora jar lezake.

Parisek koloniekin ez ditu kontu guztiak zuritu, baina problematika ederki ezagutzen du. Libre bizitzeko herriengandik heldu zaion aldarrikapena isiltzea ez du lortu; aterabidea bilatzea ofizialki eskatu zaio. Tira-bira diplomatikoak ez du luzaz iraun tamalez; autodeterminazio eskubidea estali dute.

Hollanderen gobernuaren ezaugarri nagusia ez da aldatzen, gobernu honek deusen egiteko gaitasun ikaragarria du! Aste honetan eskolari buruzko debatea izan dute, murgiltze sistema ez dute oraindik Senatuan ezagutzen, dirurik ez dute hizkuntza gutxituentzat. Arazo guztien aurrean aitzakiak aurkitu dituzte tokiko senatariek egin dituzten galderentzat, Konstituzioa ala aurrekontu eskasa erantzun dute. Aldiz, eskola guztien aurrean frantses bandera kokatu beharko da legez. Frantses bandera jarri eta Giza Eskubideen Karta irakurgai eskola guztien aurrean; hau da bozkatu dutena. Beti ideia onak eta berriak aurkitzen dituzte, polemiken bilatzeko, txapeldunak dira frantses politikariak. Noski, ahantzia baikenuen errepublikako eskola frantses zintzoen egiteko egiturak zirela... Hau da finean debate nagusi honen ondorioa, frantses nazionalismo gehiago. Elkar ulertzeko zailtasun nabarmenak!

Frantses sistemaren krisia gero eta ageriago gelditzen ari da. Euskal Herritik Parisera igotzen diren mezuak oso sinpleak dira eta konpontzen errazak, elkarrizketarako eskaera handia baita. Hitz egiteko, negoziatzeko, bide guztien jorratzeko nahikeria zabala da. Parisetik igortzen dituzten mezuak hetsiak dira. Pariseko Gobernua herritarrengandik bereizi da, ez du behar diren aldaketak martxan emateko ausardiarik. Tokiko politikariak aldaketen beharraz ohartu dira, estatuko mekanika erraldoiak, aldiz, bere burua babesten besterik ez daki.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo