GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

sega

Joxe Gabirondo sasoi betean dago oraindik

p044_f01.jpg

J.L.

Joxe Gabirondo, Alaitz Imaz, eta Unai Mitxelena izan ziren herenegun Beramendin jokatu zen nazioarteko erako Euskal Herriko Ligako lehen irabazleak. Gezurra badirudi ere, hotz handia zela jokatu zen lehen saio hau, leku paregabe batean. Belarra ebakitzen nahiko zaila zegoen, azken egun hauetako euriek asko zaildu baitzuten.

Hiru mailatan jokatu zen saioa, eta iazko irabazleetako inork ez zuen garaipenik lortu. Maila nagusian, Igor Esnaola izan zen joan den urtean onena, baina oraingoan laugarren postuan geratu zen. Nesketan, Alatzne Etxaburua gailendu zen iaz, baina herenegungo saioan hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.

Aurtengo ligak hiru jardunaldi izango ditu, baina garrantzi handia izango du; izan ere, datorren irailaren hasieran Hego Tirolen jokatuko da Europako Txapelketa, eta hemen erabakiko da zein segalarik ordezkatuko duten euskal selekzioa. Gizonezkoetan hamar izango dira, eta bost, nesketan.

Emakumezkoek eman zioten hasiera, eta bakoitzak 35 metro karratuko sail bana moztu behar izan zuen. Ahalik eta azkarren bai, baina txukun ere ebaki beharra zegoen, bestela zigorrak izan zezaketelako. Zortzi partaide izan ziren, eta denetan onena Alaitz Imaz izan zen, bigarren sailkatu zen Irati Astondoari 14 segundoko tartea kenduta.

Gizonezkoetan, berriz, 20 partaide aritu ziren, eta hemen bakoitzak 100 metro karratuko sail bana ebaki behar izan zuen. Joxe Gabirondo izan zen onena. Oso azkar ebaki zuen Gazteluko segalari beteranoak, eta 29 segundoko tartea kendu zion bigarren sailkatu zen Jexuxmari Goenagari. Azken honek moztu zuen herenegun txukunen, baina gazteluarrak, errezildarrak baino askoz ere zigor gehiago jaso arren, Gabirondok mozten izan zuen abiada sekulakoa izan zen. Gazte mailakoan, berriz, bi izan ziren neurtu zirenak, eta Mitxelenak, Bixente Mitxelenaren semeak, irabazi zuen. Bakoitzak 50 metro karratuko sailak ebaki behar izan zituen. Bigarren jardunaldia ekainaren 16an jokatuko da Zaldibian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo