GARA > Idatzia > Kultura

Kronika | Olatu talka

Oinez edo gurpil gainean, Donostiako azken txokoetaraino iritsi den olatua

Sugandilen moduan, jendea erruz atera zen atzo, aspaldian ezkutuan zeuden eguzki izpiek lagunduta, Donostiako Olatu Talkaz gozatzera.

p054_f03.jpg

Ane ARRUTI

Bizikletatik jaitsi eta aurpegi gorrituan eguzkitako krema emanez harrapatu genuen atzo goizean Zubietan Igor Otxoa, Donostia 2016 egitasmoko zuzendaria. Bere antzera, jende mordoa atera zen atzo kalera, Olatu Talkaren azken egunaz gozatzera. Ibaetatik hasi eta Zubietarainoko Ziklobian, errepidea motordun ibilgailuentzat itxita zegoela aprobetxatuz, oinez, patinetan edo mota guztietako bizikletei eraginez, batera eta bestera ibili zen atzo jendea, eta bidean, erakusketak, lehiaketak, txarangak, kontzertuak, piknikerako aukerak, tailerrak... 2.000 ekintzaile inguru, adin eta gustu guztietarako ekintza eta ikuskizunak eskainiz, herritarren arteko loturak sendotuz eta elkarrekiko trukea sakonduz.

Lehenengo aldia zen Olatu Talka Zubietaraino iristen zena. Duela 200 urte bertatik jasotakoa itzuli nahi izan dute donostiarrek modu honetan. Izan ere, hiria erre zenean, Zubietako Aizpurua baserrian adostu zuten birsortze lanei ekitea. Eskertza moduan, Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta udal gobernuko hainbat ordezkarik, Donostia 2016ko kideekin batera, bertan atera zuten atzo familia argazkia. Anfitrioi lanetan Iñigo Aizpurua izan zuten, abizena sortu zen baserri honetan belaunaldiz belaunaldi mantendu duen familiako oinordekoa. «Ez dakit zehatz baserria noizkoa den, 1495ekoa da lehenengo dokumentua. Garai hartan 22 baserri zeuden Zubietan», kontatu zuen.

Bertan izan ziren Etiopia-Utopia Fundazioko kideak ere, bizikletaz bere elkartasun mezua eta Etiopiako Wukro herrian duten proiektua ezagutzera emanez.

Etxe kanpoan, berriz, sekulako abiaduran jokatutako pilota-joko tradizionalak, 94 eskusoinuren doinuak plazan eta haurrak eskulanetan. Aperitiboa ere bai, eguzki-sukaldetan prestatutako produktu ekologikoekin. «Alternatiba polita, baina nola prestatzen duzu honekin afaria?», bota zion gizon heldu batek kezkatuta sukaldean ari zenari. «Duela astebete ez zenuen hain erraz kozinatuko...», beste batek.

N1ak zeharkatzen duen Añorga auzoa ere erabat itxuraldatu zuen Ziklobiak. Patinatzaileak eta batukadako kideak elkarrekin aritu ziren dantzan eta futbol-zelaian 500 bat bizilagun animatu ziren eguerdiko piknikera. Cementos Rezola lantegi ezaguna ezagutzeko aukera ere izan zen. «Kantujira fabrikan» ekimenarekin, barruan zeuden etxebizitzetan bizi ziren langileek euren bizipenak kontatu zituzten.

Donostiako auzo gehienak hartu zituen Olatu Talka jendetsuenari portuan eman zioten amaiera. Parte-hartzaile guztiak bildu ziren bertan antxoa plater banaren inguruan.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo