GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Ibilaldia 2013

«Bigarren urratsa egin behar da, jakintzatik erabilerara pasatu»

 
Txus Bilbao
Asti Leku  ikastolako irakasle ohia

Urtetan Portugaleteko ikastolan irakasle aritu eta gero, zuzendaritza lanetan aritu zen, duela gutxi Jose Felix Ruizi testigua pasatu aurretik. Ibilaldiko omenaldia amaitu eta tartetxoa egin zion GARAri Bilbaok, euskarak Ezkerraldean, eta, oro har, Bizkaian, izan duen bilakaeraren inguruan solastatzeko.

Zer garrantzi izan du aurtengo Ibilaldia antolatzeak Asti Leku ikastolarentzat, Portugaleterentzat?

Ohore handia da guretzat, ilusioa handiz prestatu dugu. Urte osoan zehar egin dugu lan gaur dena ondo ateratzeko. Oso harro gaude etorritako jendetzagatik. Gaurko jaia euskararen alde lan egiten dugun guztiontzat da, ez soilik Asti Lekurentzat. Gainerako ikastolek, eragile euskaltzaleek eta milaka norbanakok sekulako lana egiten dute egunez egun, eta horiek omentzeko eguna ere izan behar da gaurkoa.

Zein da euskararen egoera Ezkerraldean? Zein izan da azken urteotako bilakaera?

Azkenengo 30 urteetan aldaketa sakona gertatu da Portugaleten, eta orokorrean, Ezkerraldean. Hala ere, aipatu beharra dago hemen betidanik izan direla euskaltzaleak, eta euskaltzale sutsuak, gainera. Asko eta asko erdaldunak izan arren, euskararen alde izugarrizko lana egin zuten urte luzeetan, eta beren seme-alabak euskarazko ereduan matrikulatu zituzten, euskaraz bizitzera bideratu zituzten. Norbanako horiei eta, noski, eragile euskaltzaleei esker, egoera eraldatzen joan gara azken urteotan. Hurrengo belaunaldiak euskalduntzea, euskara jakitea, lortu dugu. Orain bigarren urratsa falta zaigu, jakintzatik erabilerara pasatzea. Aurtengo Ibilaldiko leloak dioenez, «aldapak leunduz» joan behar dugu, eta horixe da Ezkerraldean, eta oro har, Euskal Herri osoan, oraindik igotzeke daukagun aldapa, erabilera sustatzea, egunerokotasunean txertatzea.

Nola lor daiteke jauzi hori egitea? Ze baliabide erabil ditzakegu?

Oso galdera konplexua da... Ibilaldia bezalako ekimenak bultzada dira, mugarria, jendeari euskaraz aritzen lagundu diezaiokete. Garrantzi handia dauka bakoitzak euskararekiko hartzen duen konpromisoak ere. Egunero-egunero izan behar da euskara ahoan. Norbanakotik hasi behar da aldaketa.

Instituzioek eta eragileek ere bide horretan lagundu dezakete...

Bai, noski, eragile euskaltzaleak laguntza handia izan dira guretzat, eta instituzio ezberdinak ere bai, baina euskara kalera eraman behar dugu denon artean. Norberaren lan pertsonala izan behar da hori.

Arlo pertsonalean, nola aldatu da Asti Leku zu irakasle lanean jardun zinenetik?

Asti Leku ikastolak proiektu baten indarra erakusten du, eta honek izan dezakeen bilakaera. Egia da gaur egun ikastola handiagoa dela, egituratuago dagoela, modernoago. Bere garaian, talde batek honelako proiektu euskaldun batekin amets egin zuen, eta sekulako lana eginez, errealitate bihurtu zuen amets hori. Bide horretan jarraitu behar dugu, elkarlanean, aurrera eginez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo