GARA > Idatzia > Euskal Herria

«Herritarrek Parisi Lurralde Elkargoa behar dutela erakusteko tenorea da»

Hilabeteetako elkarlanaren ondorioz, Ipar Euskal Herriko eragile politiko eta sozialen artean inoiz ez bezalako adostasuna bildu duen Lurralde Elkargo Bereziaren proposamena «herritarrena ere badela» erakustera dei egin zuen, atzo, Lurralde Koordinazioak. «Oraindik erantzunik eman ez badigu ere, Paris beha dugu», nabarmendu zuten larunbateko mobilizazioaren garrantzia adierazita. «Gure lurraldea eta gure geroa kudeatzeko gai garela erakutsi behar diogu».

P014_F02.jpg

Arantxa MANTEROLA | BAIONA

Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako joera politiko orotako hautetsien eta eragile sozial, ekonomiko zein kulturalen artean inoiz lurralde proiektu batek lortu ez duen adostasuna bildu du Lurralde Elkargo Bereziaren (LEB) eskaerak. Orain, «herritarrek ere behar eta nahi horrekin bat datozela erakusteko tenorea» heldu dela nabarmenduta, datorren larunbateko manifestazioan parte hartzeko deialdi berezia egin zieten, atzo, Baionan, Lurralde Elkargoaren Aldeko Koordinazioko kideek.

Jean-Jacques Lasserre Hautetsien Kontseiluko presidenteak «gure lurraldea gobernatzeko adostu dugun proposamena oso landua» izateaz gain, «berritzailea eta asmo handikoa» ere badela azpimarratu zuen. «Patxadaz baina ausarki, Errepublikaren baitan herri honek gure proiektua babesten duela islatu behar dugu», gaineratu zuen.

Garapen Kontseiluko buru Jean-Baptiste Etchetok, berriz, «egungo egiturek gure lurraldea era egokian kudeatzeko topea» jo dutela eta «beste urrats bat» -Lurralde Elkargoarena- egitea ezinbestekoa dela adierazi zuen. «Oraindik formalki erantzunik eman ez badigu ere, Paris beha daukagu», jarraitu zuen, Lurralde Elkargoaren eskaeraren atzean «guztion eta bakoitzaren ongizatea jokoan» dagoela ziurtatu aitzin.

Mobilizazio handiagoa

Ildo beretik, Christine Bessonart, Auzapezen Biltzarreko presidenteak, lekuko hautetsien inplikazioa areagotzera deitu zuen: «2005ean Departamenduari buruz herri-kontsulta eskatu zenean auzapezen erantzun zabala jaso genuen. Oraingoan mobilizazioa handiagoa da eta egunetik egunera hautetsi gehiago atxikitzen zaio LEBaren eskakizunari».

Martine Bisauta Baterako kideak larunbateko manifestazioak «historian markatuta» geratu behar duela adierazi zuen eta Jean-Michel Galant Garazi-Baigorri Herri Elkargoko buruak bezalaxe, adierazi zuen argazki horrek frogatuko duela herritarrak urte hauetan egindako lanarekin bat datozela.

Max Brisson UMPko kontseilari nagusiak gogora ekarri zuen bera 1999ko urrian euskal departamendu baten aldeko manifestazioan ez zela izan. «Aldiz, larunbatekoarekin erabat bat nator, LEB proposamenak adostasun zabala duelako eta lekuko politika publikoak plantan emateko proiektu askoz modernoagoa delako».

PSko hiru parlamentariak, Colette Capdevielle eta Sylvaine Alaux diputatuak eta Frederique Espagnac senataria, herritarrei egindako deialdira batu ziren: «Ziur gaude Parisera gure ahotsa ozenki eramateko populazioaren babesa izango dugula», esan zuten.

Garapen Kontseiluko Virginie Brillantek urte hauetan egitura bereziaren alde lan egin dutenen ahalegina goraipatu zuen.

EZOHIKO IBILBIDEA

Manifestazioak ez du Baionan egin ohi den ohiko ibilbidea izango: Laugatik abiatuko da 17.00etan, Kontseilu Nagusi aitzinetik igaro, San Andres plazara iristeko eta erreka bazterretik Herriko Etxeko plazaraino iritsiko da.

«Cita histórica para el futuro institucional del País Vasco»

La Coordinadora Territorial del País Vasco, compuesta por el Consejo de Electos y el Consejo de Desarrollo, la Cámara de Comercio e Industria, el Biltzar de Alcaldes y la plataforma Batera se creó a principios de enero, tras haber aprobado oficialmente el Consejo de Electos la propuesta de una Colectividad Territorial con estatus específico (CTE) el 24 de noviembre de 2012.

Se marcó la doble tarea de «dar a conocer el proyecto CTE» y de «hacer que la voz de Ipar Euskal Herria se escuche en París». Durante estas semanas han llevado a cabo diferentes reuniones con los electos municipales y de las mancomunidades, así como con diversas estructuras de la sociedad civil y con la población en general. El pasado 27 de abril, más de 500 agentes políticos y sociales manifestaron públicamente su adhesión a la petición de dicha institución.

Fuertes por el consenso demostrado a través de estas y otras iniciativas desarrolladas en los últimos meses y en consonancia con el segundo objetivo que se fijaron, la Coordinadora ha organizado la manifestación del 1 de junio para que «la población exprese masivamente su apoyo al proyecto de CTE». En vísperas del debate sobre la tercera ley de Descentralización que se abrirá en el Senado, consideran que se trata de una «cita histórica para el futuro institucional del País Vasco». A.M.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo