GARA > Idatzia > Euskal Herria

Baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatu dute Baionan

Baxoa Euskaraz eta EHE taldeek azterketaren parodia egin zuten herenegun Baionako Alderdi Sozialistaren egoitzaren aitzinean, hezkuntzaren alorrean ikasle euskaldunek pairatzen duten egoera salatzeko.

p022_f02.jpg

GARA | BAIONA

«Eskola euskaldunaren bidean, baxoa euskaraz!» aldarrikapena luzatzeko Euskal Herrian Euskaraz eta Baxoa Euskaraz taldeek elkarretaratzea egin zuten herenegun, Baionako Bernat Etxepare Lizeoan.

Eskola euskaldunaren sorreraren bidean baxoa euskaraz pasatzeak duen garrantzia azpimarratu zuten bertan. Elkarretaratzearekin batera, berrogeita hamar lagunek Gaskoinen plazan kokatua dagoen Alderdi Sozialistaren egoitzaren aitzinean parodia egin zuten baxoaren azterketaren antzezpena eginez.

Ekintza horren bidez, ikasle euskaldunen eskubideak aldarrikatu zituzten, baita hezkuntzaren alorrean «ikasle euskaldunek pairatzen duten egoera» salatu ere. Baxoa Euskaraz eta EHE taldeek Alderdi Sozialista Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdin «aplikatzen diren hizkuntza politiken erantzulea» dela gogoratu zuten horrekin.

Horrenbestez, baxoa euskaraz egin ezin izateak euskararen ikasketen garapenean «oztopoak» sortzen dituela gogoratu zuten bi taldeek. «Lizeo garaian ikasi behar ditugun gertakari, kontzeptu, teorema eta teoria-filosofikoak frantsesez ikastera behartuta gaude eta hori onartezina da», salatu zuten.

Egoera «lazgarri» horren aurrean «euskaldun eta euskaltzaleok badugu zer esan eta zer egin» nabarmendu zuten EHE eta Baxoa Euskaraz taldeetako kideek. Eta «legedia zahar eta ustelak gainditzeko» erabaki ausartak hartzeko garaia iritsi dela goraipatu zuten.

Hitzarmena

Euskararen Erakunde Publikoak (EEP) eta Baionako Euskal Museoak, bestalde, euskararen erabilera sustatzeko hitzarmena sinatu zuten. Jean-Rene Etchegarayk eta Frantxua Maitiak, hurrenez hurren Euskal Museoko eta EEPko lehendakariek, parte hartu zuten izenpetze ekimenean eta hitzarmenaren bidez «Euskal Museoan euskara gehiago sartzea» lortuko dela goraipatu zuten.

Dagoeneko, erakustokian euskara aski sartua da, baina, Frantxua Maitiaren esanetan, hitzarmen berri horrek «euskararen erabilpenari ofizialtasuna ematen dio». Barneko lanetan euskararen erabilera sustatuko da hitzarmenarekin, baita kanpora begirako komunikazioan ere.

«Harrera egiten dietenean edo barneko informazioetan, jendea bertara joaten ahalko da jakinez euskara baliatzen ahal dutela eta horrek garrantzi handia du», nabarmendu zuen lehendakariak.

Euskal Museoarekin sinatu hitzarmena EEPren bi lan ildoen barnean kokatzen da: euskararen transmisioa eta gizartean erabileraren sustapena.

Ikas-Bi baikor

Ikas-Bi eskola publiko elebiduneko gurasoen elkarteak, azkenik, joan den astean Senatuan bozkatu zen eskola berreraikuntza legea baikorki baloratu zuen. Mixel Esteban eta Thierry Delobel elkarteko ordezkariek Senatuak hartu erabakia «aitzinamendu historikotzat» jo zuten. Legeak, alde batetik, «lehen aldiz hezkuntza elebiduna eta hizkuntzen erakaskuntza kontuan hartzen» zituela nabarmendu zuten. Eta bestalde, lege horri esker, «orain arte, eskualde, departamendu eta erakunde ezberdinen esku ziren arau anitzek batasuna atzemanen» dutela azpimarratu zuten.

Gainera, goraipatu zuten Ikas-Bik Estatu frantseseko gisa horretako beste elkarteekin batera osatzen duen Flarep federazioak egindako presio lanari esker onartu dela legea.

Ekainaren 12a

Baxoa euskaraz aldarrikatzeko ekainaren 12an elkarretaratzea eginen dute EHE eta Baxoa Euskaraz taldeek. Euskaldun eta euskaltzale guztiak ekimenean parte hartzera deitu dituzte.

Suprefeta

EEPk Posta eta Baionako ospitalearekin hitzarmenak adostu ondoren, suprefetak blokeatu egin zituela esan zuen Maitiak. Hitzarmenak Parisi bidali dizkio, eta ondorioz, Gobernuaren «baimena» itxaron beharko dute izenpetzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo