GARA > Idatzia > Kultura> Ikus-entzun

Irrati Komunitarioen Europako II. Topaketak abian dira jadanik

Aurtengoa dugu Bidasoaldeko Antxeta Irratiak jardunaldi hauek antolatzeko ardura hartzen duen lehenengo aldia. Gaurko egitarauak Gabriela Ines Llanguiano maputxeak Kutxa Aretoan eskainiko duen «Herri Maputxeak eta adierazpen askatasuna» hitzaldia dakarkigu.

p053_f01_149x81.jpg

Koldo LANDALUZE | DONOSTIA

Zortzi urte dira Bidasoaldeko Antxeta Irratia (FM 90.5-89.7) mundu osoko irrati komunitarioak batzen dituen AMARC elkartean sartu zela. Bestalde, hauxe dugu Europa mailako AMARCeko Topaketak antolatzen dituen lehenengo aldia.

Aurrekoan, orain dela urte bi, Irlandako, Ingalaterrako, Euskal Herriko, Estatu espainoleko, Austriako eta Estatu frantseseko irratiak egon zirelarik. Urtean zehar egindako lanak merezi duen hedapena lortzeko asmoz Donostia da jardunaldiak garatzeko AMARC elkarteak hautatutako hiria.

Pluralismoa hedabideetan

Bi dira aurtengo edizio honetan Kutxa Aretoan programatutako hitzaldiak: hilaren 29an, «Irlandako Hizkuntza Politika» izan zuten hizpide; gaurkoan, berriz, «Herri maputxea eta adierazpen askatasuna» jorratuko dute, bertan Maria Pia Matta AMARCeko lehendakariak, Elisa Garcia antropologoak eta Gabriela Ines Llanguiano gazte maputxeak parte hartuko dutelarik.

Wallmapun ez ezik, Europan ere handiak dira komunikazioaren hirugarren arloaren barruan dauden irrati komunitarioek (hau da, estatuarenak eta enpresarenak ez direnak) dituzten arazoak. Horren harira, 2008ko irailaren 25ean, ebazpen baten bidez, Europako Parlamentuak hedabide komunitarioen aldeko jarrera aktiboak hartzeko eskatu zien bere kideei, horrela hedabideen arloan pluralismoa berma dadin.

FMn emititzeko Euskal Autonomia Erkidegoko lizentzien esleipena dela-eta, esaterako, Antxeta Irratikoek salatu dutenez, «interes politiko eta ekonomikoak komunikazio eskubidearen gainetik jarri dituzte. Izan ere, 1986. urteaz geroztik ez zen deialdirik egiten; orain, ordea, aukera izan da hirugarren sektorea ordezkatua izateko eta momentuz aukera hori galdu egin da».

Estatu espainolean bezala, Flandrian, Hungarian edota Finlandian, kasu, irrati komunitarioek ez dute inolako babes legalik.

 
Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo