GARA > Idatzia > Kultura

Euskadiko Orkestra eta Malandain Ballet Biarritz Versaillesen izango dira

p043_f02_97x104.jpg

GARA | DONOSTIA

Euskadiko Orkestra Sinfonikoa (EOS) eta Thierry Malandainek zuzentzen duen Malandain Ballet Biarritz konpainia Versaillesen izango dira ekainaren 7, 8 eta 9an, Versailles Festival: Les voix Royales jaialdian. Bertan Sergei Prokofieven «Errauskine» lana eszenaratuko dute.

Bi erakunde hauek elkarrekin garatutako bigarren proiektua da muntaia hau, eta aurretik Euskal Herrian ikusteko aukera izango da. EOSen Abonu Denboraldiko azkena izango den 15. programaren baitan aurkeztuko da, ekainaren 3 eta 4an Donostiako Kursaalen eta, Versaillestik bueltan, 17an Bilboko Euskalduna jauregian.

«Errauskine» balleta hiru ekitalditan banatzen da. Nikolai Volkoven libretoa dauka eta Charles Perrault-en «Cendrillon» hartu dute oinarri. Thierry Malandainek zuzendutako konpainiako hogei dantzarik eta zulogunetik EOSeko musikariek -lehenbiziko aldiz zuzendari lanetan izango duten Josep Caballe-Domenech maisuak gidatuta- osatuko dute emanaldia. Cendrillon «izar dantzari baten ibilbidea da», azaldu zuten. Malandainek «errealizazioaren bidetik garamatza, zalantza, baztertzea, sufrimendua eta itxaropena igarotzen dituen bidetik, azkenean argitasunera heltzeko. Errauts eta magiaz egindako ikuspegi honen bidez, batzuetan tragikoa, besteetan komikoa, unibertsala den zerbait idazten da...».

EOSeko arduradunen esanetan, Versailles Festival jaialdia, europar zirkuituko programazio zorrotzenetako baten barnean kokatzen da, Château de Versailles Spectacles erakundearen kontzertu zikloaren barnean, alegia. Irailetik ekainera bitartean 70 bat ikuskizun eskaintzen ditu Opera Royal antzokian eta Versaillesko Jauregiko espazio ezagunenetan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo