GARA > Idatzia > Iritzia> Txokotik

Xabier Izaga Kazetaria

Mugarik gabeko kopeta

Bakana da enpresaburuei eta administrazioetako arduradunei lanerako eskubidea aldarrikatzen entzutea, eta bakanagoa eskubide hori bermatzen ikustea. Baina noizik behin gertatzen da. Greba orokorra deituta dagoenean, hain zuzen. Aurreko egunetan esandakoarekin koherente, ostegunean Polizia nonahi hedatu zuten, nahi zutenek lan egin zezaten. Bide batez, greba egin nahi zuten hainbat lagun lan egitera behartu zituzten, neurriz kanpoko gutxieneko zerbitzuak ezarrita. Baten bati bururatuko zitzaion administrazioek beharginak saldoka kaleratzea eta lan baldintzak kaskartzea saihesteko ahalegin bera egingo balute, ez litzatekeela greba orokorrik izango. Baina onartu beharra dago ahalegindu ahalegintzen direla, betiere Polizia hedatuz, beren lanpostuak eta lan baldintza duinak defendatzen dituztenen kontra oldartzeko.

Adegiko presidente Pello Gibelaldek grebaren bezperan esan zuen: «Langileek eta haien sendiek enpresak salbatzea edo akabera eman eta hondoratzea aukeratzeko unea iritsi da», eta «alde guztien» ekarpena eskatu zuen. Enpresaburuen hautua argi dago: langileei eta haien sendiei akabera eman eta hondoratzea. Alde guztiak enpresaburuak, langileak eta administrazioa dira, eta ahalegin bera egin beharko lukete enpresaren alde, nik ulertzen diodanez. Krisia arteko urte mordoan -eta hainbat kasutan krisi betean- eskuratutako etekin egundokoak, ordea, ez ziren alde guztien patriketara joan.

Kontatu digute enpresaburu gehienak eredugarriak direla (eta langileak ez?). Enpresaburuek aberastasuna sortzen omen dute. Nik uste nuen langileek sortzen dutela, eta enpresaburuen helburua kosturik txikienean etekinik handiena lortzea dela, baina tira, eredugarriak dira, Mugarik Gabeko Medikuak edo gisako GKEren bateko kideak balira bezala. Egia esateko, mugarik gabeko izateko sekulako bokazioa dute, dituzten muga apurrak kentzeko erreformak behin eta berriz eskatzen dituztela ikusita. Eskatu eta lortu, jakina. Eredugarriak omen dira lanpostuak sortzen dituztelako. Eta suntsitzen dituztenean?

Azalaren lodia hizpide, Yolanda Barcinaren hitzak ekarriko ditut: «Grebak ez du ekonomia suspertzen lagunduko». Hain egoera larrian, ez dadila behintzat umorea falta izan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo