GARA > Idatzia > Euskal Herria

Bermeoko sutean kaltetu ziren herritarrek bihotzez eskertu dute laguntza guztia

Apirilaren 11n Alde Zaharrean sugarrak zabaldu zirenean ondasunak galdu zituztenen elkarteak, Bermeo Suten 2013k, esker ona adierazi die babesa eman dieten herritar, elkarte, taberna eta erakunde ugariei.
p020_f02.jpg

GARA | BERMEO

Anitz izan dira, norbanakoak nahiz taldeak, Bermeokoak zein kanpokoak, suteak kaltetutako jendea lagundu dutenak, dirua edo beste mota bateko babesa emanez, eta Bermeo Suten 2013 elkarteak ez du hitzik dena eskertzeko. «Benetan guztiek indarrak eman dizkigute gure egoerari aurre egiteko», azaldu zuten atzo egindako agerraldian. «Aurrera egiteko funtsezkoak» izan direla esan zuten.

Bermeotarren eta Euskal Herriko eta kanpoko herri ugariren erantzuna «eredugarria» izan dela nabarmendu zuten. Garren artean lan egin zutenak izan zituzten lehendabizi gogoan: suhiltzaileak, Udaltzaingoa, Herri Babesa, Gurutze Gorria eta Gizarte Ongizaterako Udal Patronatua. Udala, Bizkaiko Aldundia eta Lakuako Gobernua ere ondoan izan zituzten lehendabiziko unetik, herriko eta eskualdeko enpresa eta elkarteak bezala: Berton eta Kate Sarea elkarteak, Eroski eta BM supermerkatuak, Urdaibai koltxoiak eta Buy Urdaibai. Azken honek irekitako kontuan 6.000 eurotik gora bildu dira.

Herriko kontserba lantegiek arrain azokan sorta solidarioak jarri zituzten salgai, eta «Dakarreko kanpaina» liburuaren salmentekin lagunduko dute. Ez zuten ahaztu parrokiaren eta Caritas Diocesanasen 12.000 euroko ekarpena ere.

Kultur elkarteen inplikazioa

Kultur elkarteen inplikazioa txalotzekoa izan dela azpimarratu zuten: Izaro Bikers eta Bizkaiko motorzaleak, Kapilla Rock elkartea eta hainbat rock talde, Salsa Cubana, Txo Sevilla, Abadiñoko sevillana taldea eta erromeriako taldeak. Hauek guztiek 15.000 euro baino gehiago lortu dituzte.

Kirol elkarteek eta Udalaren kirol patronatuak ere lagundu diete, baita tabernek ere. Adibidez, sutean erre zen Athletik tabernarentzat batutako dirua elkartearentzat izatea erabaki du jabeak. Finantza erakundeak, Irrien Lagunak eta emanaldi baten diruaren erdia eman zien zirku italiarrak babestu ditu. Angeles Ibirika idazleak Bermeon girotutako «Días de lluvia» liburuarekin lagunduko die eta Plentziako Kandela Eguneko antolatzaileek ekarpena egingo dute.

Elkartasun ekitaldiak ez dira hemen bukatzen; besteak beste, Bermeoren eta Athletic-en arteko partida, Sestaoko orfeoiaren eta Izaroko eta Bermeoko abesbatzen kontzertua eta arte erakusketa egingo dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo