GARA > Idatzia > Kultura

Neil Young eta Wu-Tang Clan taldeak, Biarrizko BIG jaialdian

Rock, rap, elektro eta folk doinuak entzuteko aukera izango da Biarritzen datorren uztailaren 17tik 21era bitartean. Besteak beste, Neil Young eta Crazy Horse, George Clinton eta Parliament Funkadelic edo Wu Tang Clan elkartuko ditu BIG jaialdiak, bosgarren edizioan.
p044_f01.jpg

Ainize BUTRON | BIARRITZ

Uztailaren 17tik 21era arte iraungo du Biarrizko International Groove (BIG) jaialdiaren 5. edizioak, eta nazioarteko zein Euskal Herriko musikari eta talde esanguratsuak ezagutzeko edota berriz gurean entzuteko aukera emango du.

Egitarau osoaren edukiaren berri eman zuten atzo antolatzaileek, eta aurtengo jaialdian agertuko diren nazioarteko artista handien izenak goraipatu zituzten. Neil Young eta Crazy Horse, George Clinton eta Parliament Funkadelic, Wu-Tang Clan, Breakbot elektro musikaria eta Gary Clark Jr entzuten ahalko dira programazioaren arabera.

Rock, elektro, folk edo rap musikak elkartuko dira uztailaren 18tik goiti, gauez gau, jaialdirako prestatuak izan diren hiru guneetan: BIG Village, Agilera estadioko BIG Live eta Irati aretoko BIG Diskoteka.

Jaialdiak uztailaren 17an zabalduko ditu ateak, Atabal aretoan, Is Tropical eta gauak aurrera egin arau azalduko diren beste zenbait musikarirekin.

Bazterrak berotzeko moduan antolatua izan den lehen hitzordu horren ondotik, BIG jaialdiaren erritmo bizian barneratzeko aukera izango dute musikazaleek. Uztailaren 18an Neil Young eta Crazy Horse, Gary Clark JR eta Jhon Berkhout entzuteko parada izango dute BIG Live gunean. Uztailaren 19an, berriz, The Bloody Beetroots eta Wu-Tang Clan taldeek joko dute, Euskal Herriko Anai Arrebak taldearekin batera.

Antolatzaileek Wu-Tang Clan taldearen etorreraren garrantzia goraipatu zuten atzo, izan ere, beraien «munduko azken bira ofiziala» egiten ari dira. Uztailaren 20ko gaualdia izango da musika erritmoen aldetik anitzena. Kontzertu nagusiak biltzen dituen BIG Live gunean George Clinton eta Parliament Funkadelic, Breakbot eta The Dedicated Nothing ikusi eta entzuten ahalko dira.

Kontzertuekin batera, gauari egunak argitu arte jarraitu ahal izateko, 23.00etatik goiti BIG Diskoteka paratuko dute Irati aretoan. Bertan, Kavinsky, B.O.S.S., Synapson, Busy P Ed Danger Megamix edo Cassius agertuko dira, hainbat DJrekin batera.

20 eurotik, 98 euro arte

Sarrerei dagokienez, BIG Diskotekako sarrera 20 euroan finkatua dute, gau guztietarako. BIG Live guneko kontzertu nagusien prezioa 45 eta 60 euro artean da. Hiru eguneko txartelak ere salgai dira, 98 euroan. Egunean zehar umeentzako guneak antolatuak dira BIG herrixkan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo