GARA > Idatzia > Euskal Herria

Marra gorriei herri gisa erantzuteko eskatu dute

Estatu espainolak eta frantsesak Euskal Herriaren kaltetan hartzen dituzten neurrien aurrean banakako aldarrikapenak alboratu eta herri gisa erantzuteko proposatu dute herri mugimenduetan ari diren dozena bat pertsonak. Harreman dinamika bat abiaraziko dute ekarpenak biltzeko.

GARA | ANDOAIN

Alor orotan Estatu frantsesak eta espainolak Euskal Herriari «inposatzen» dizkioten aldaketak elkarrekin gainditzeko garaia dela iritzi diote herri mugimenduetan jarduten duten dozena bat pertsonak. «Marra gorriak» deritzotenei herri gisa erantzuteko beharraz ohartarazi zuten atzo Andoainen eskainitako agerraldian. «Euskal Herrian ez gara fin ibili. Apenas erantzun diegu aspaldiko eraso bortitzenei, eta erantzun diegunean bakoitzak beretik egin dugu, nork beretik eta guztion artean erantzun ordez», adierazi zuen Araitz Gartziak bertaratutakoen izenean.

Zapaltzailetzat jo dituzten neurriak dira, besteak beste, PPk abiarazitako hezkuntza lege berria, Ipar Euskal Herrirako lurralde elkargorik nahi ez izatea edota euskal udaletan bandera espainola jarraraztea.

Harreman dinamika abian

Hausnarketa hau egin eta aurkeztu zuten, baina harago ere joan dira; izan ere, gonbita luzatu zioten norbanako zein eragile orori bakoitzak beretik ekarpenak egin eta bidegabetzat jotako neurri eta politiken aurrean «herri gisa» ager gaitezen: «Harreman dinamika bat abiatzeko konpromisoa hartzen dugu aurrerantzean hausnarketa honen inguruko adostasunak bildu eta herri erantzun hori artikulatzeko asmoarekin».

Asmo honen gaineko iritzi eta ekarpenak jasotzeko, herrideialdia@gmail.com helbidea nahi duenaren eskura jartzeaz gain, ekainean bilerak egingo dituzte.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo