Fredi Paia Bertsolaria
Ernestoren ametsa
Ustelkeria edonon usaintzen dut azken boladan. Gizarteko agintariena erabat argia da, baina gizartean behera egin ahala, sunda bera igartzen dut nonahi
Zerbaitek ustel usaina du Danimarkan». Hamlet printzearen esaldi ospetsua. Etengabeko zalantzara, izan ala ez izatera, maite zituenak zoratzera, justizia bilatzera eta pozoituta hiltzera eroan zuen esaldia.
Azkenaldian sarritan harrapatu dut esaldi hori nire buruan bueltaka, nire ahotan, nire SMSetan... Iruditzen baitzait ustel usaina gero eta handiagoa dela, gero eta indartsuagoa, gero eta orokorragoa. Ez, ostera, sekula baino jasanezinagoa. Guztiz kontrakoa, Iurretan paper lantegiarekin legez, gure habitat naturalaren parte dela onartu dugu, inplizituki. Bakoitza bestearen ustelkeria salatuz, norberarenari buruz berba egin behar ez izateko. Eta horrela, lupa inorengan jarriz, berdin zait inor hori ni naizen edo Barcenas, geure burua zuritzen dugu. Berbagai dena baino ez baita existitzen. Arin urruntzen ditugu berbak gugandik, fite bihurtzen gara epaile, ni lehenengoa. Noiz arte? Noizbait epaituta sentitzen garen arte. Gure zati bat gure osotasunetik bereizi eta hori garela sinetsarazi gura diguten arte. Eta izan ere, hori gara, ez soilik hori, baina baita hori ere. Gure NAN agirian iratzartu berri gaudeneko argazkia jartzea bezalako sinplifikazio bat. Baina jendeari ez eskatu gauzak bere konplexutasunean ulertzeko, bere helburua ez baita ulermena, bere alde iluna zurearen barruan ezkutatzea baizik.
Ustelkeria edonon usaintzen dut azken boladan. Gizarteko agintariena erabat argia da, baina gizartean behera egin ahala, sunda bera igartzen dut nonahi: udaletxe txikietako oposizioetan, sistema publikoaren lan baldintzez abusatzen dutenengan, VPOetan bizi diren dirudunengan, bere intereserako bada legea trikimailu txikien bidez saihesten dutenengan, une berezietan hartu behar ez lituzketen konfiantzak hartzen dituztenengan, urrunekoengan, hurbilekoengan, zugan, nigan.... Barcenas da gure moralik ezaren ikur soziala. Baina ez pentsa ni hain ados nagoenik. Eskala txikian egiteko kapaz garena ikusita, jakin gurako nuke nik zer egingo lukeen errenta aitorpenean ahal beste «trapi» egiten dituen horrek milioika euroren aurrean. Krisia deitzen dioten nora ezeko egoera honek, gainera, eskubidea ematen digulakoan gaude. Ez dugu ulertzen balioak, hain zuzen ere, unerik txarrenetarako sortu zirela. Haizea alde dugunean guztiok garela zoragarriak. Psikologo mexikar batek zioen gisara: «Todos somos mitad hijos de dios mitad hijos de puta».
Nire barruan hasi eta unibertsoraino heltzen den ustelkeria honen erdian liburu bat heldu zait eskuetara. Asma sufritzen zuen Kubako Bankuko zuzendariaren liburu bat. Kamaradek Che eta bere amak Ernesto deitzen zuen gizon baten liburua. Argi esan zigun munduko iraultza guztiak alferrik zirela «gizaki berria» sortzeko gai ez baginen. Eta lan hori, euskararen borroka bezala, aldaketa globala helburu duen konpromiso pertsonala da. Nik, gaur, 2013ko ekainaren 5ean, gerra deklaratzen diot nire ustelkeriari. Epe laburrean nire ingurukoek igartzeko moduko sendotasunez. Gaur ez dut besterik eskatzen, gogoeta pertsonal bat baino.