Gaurko egunez hil zen Gabriel Aresti, euskal idazle bikaina izan zen euskaldun berria
GARA | DONOSTIA
Euskara ikasten ari direnentzat eredu bilakatu da Gabriel Aresti, gaztetan hezkuntza gaztelaniaz jaso ostean, Francoren diktaduraren trabetatik ihesi euskara ikastea lortu zuelako Bilbon, bere sorterrian. 1933an jaio zen idazlea.
Gaurko egunez hil zen, 1975ean, euskaldun berria izateaz gain, euskal idazle emankorra izatea lortu zuen gizona. Poesia eta antzerki testuak idazten nabarmendu zen batez ere. Eremu horren baitan idatzi zituen «Harri eta herri» (1964), «Euskal harria» (1968) eta «Harrizko herri hau» (1971). Horrez gain, ipuinak eta nobelak ere idatzi zituen Arestik. Idazleak uste zuen literatura gizartea eraldatzeko tresna bat zela, eta ikuspuntu horretatik bere lanari begiratuz gero, berak idatzitako testuen bidez gizarteari ideia aurrerakoiak emateko gai izan zen, frankismoari aurre egiten zion gizarte aske baten alde.
Euskalgintzan ere aritu zen, euskara batua osatzeko elkarrizketetan parte hartu baitzuen Arantzazuko 1968ko biltzarrean. Hizkuntza bateratu baten alde egoteagatik eta euskaldun berria izateaz harro egoteagatik gaizki ikusia izan zen kontserbadoreagoak ziren horien aldetik. Euskararen alde aritu zen 1975. urteko ekainaren 5ean Basurtuko ospitalean hil zen arte.
Bere lanen berri izateko baliagarriak dira Susa argitaletxeak sarean jarri dituen baliabideak. Hala nola, berak errezitaturiko 12 poema entzun daitezke (www.susa-literatura.com/emailuak/aresti) edota Angel Zelaietak idatzitako biografia irakurri (www.susa-literatura.com/cgi-bin/liburuok.pl?lib=best10).