«Lehen Mailara igotzea izan da nire kirol bizitzan egin dudan gauzarik handiena»
Futbolaria
Xabier Etxeitak denboraldi paregabea osatu du Elche taldean. Bigarren Maila amaitzeko jardunaldi bat falta den arren, Alacanteko taldea Lehen Mailara igota dago, eta lehen postua ere segurtatuta dauka. Orain Bilbora itzuliko da. Nahiz eta berak baieztatu ez duen, Elcheko zuzendaritzakoek onartu zuten atzo atzelariak San Mames berrian jokatuko duela hurrengo denboraldian.
Jon LEUNDA
Xabier Etxeita pozez gainezka dago, eta ez da gutxiagorako. Aurten helburu guztiak bete ditu, eta datorren denboraldian berriro ere etxean izango da. Baieztapen ofiziala falta da, eta berak ere ez du aurreratu nahi, baina oraindik bere taldea izaten jarraitzen duen Elche taldeko zuzendaritzakoek onartu zuten atzo arratsaldean Xabier Etxeitak Athleticen jokatuko duela. Bizkaitarraren denboraldi ona ez da oharkabean pasatu, Lehen Mailako beste talde batzuek ere eraman nahi izan baitute euren taldera.
Zure kirol bizitzako denboraldirik onena izan al da aurtengoa?
Dudarik gabe, inoiz ez nuen honelakorik lortu. Lehen Mailara igo gara, eta hau sekulakoa izan da. Jendea pozez txoratzen dago, eta ez da gutxiagorako, 25 urte pasa baitira Elche azken aldiz Lehen Mailan egon zenetik. Igoera honen parte izateak poztasun handia ematen dit.
Pertsonalki ere urte bikaina izan da, ezta?
Bai, aitzakiarik gabekoa. Dena jokatu dut, eta hori garrantzitsua izaten da jokalari batentzat. Uste dut denboraldi ona egin dudala, eta oso gustura geratu naiz egin dudanarekin.
Aditu askok diote mailako atzelaririk onenetakoa izan zarela. Horrelakoak entzutea ez al da oso polita eta pozgarria?
Dudarik gabe, polita, eta garrantzitsua ere bai, egindako lana txarra ez dela izan esan nahi baitu, eta hori besteek aitortzea beti izaten da gustagarria. Dena dela, uste dut talde guztiak egin duela denboraldi bikaina, eta gol gutxi hartu izanaren errua denona izan dela.
Golak sartu ere egin dituzu.
Azken batean garrantzitsuena puntuak dira, eta ez nork egiten dituen golak, baina beti gustatzen zaigu golak egitea ere, eta horiek puntuak lortzeko balio badute, askoz hobeto. Landutako jokaldietan beti gustatzen zait erasora joatea, kornerretan, esaterako, eta aurten lau gol egin ditut. Ez dago gaizki.
Nola bizi izan da igoera Elchen?
Ikaragarria izan zen. Iaz ere oso ongi hasi ginen, baina ez ginen igo, eta agian horregatik amaierara arte ez dute ilusio handiegirik egin, baina behin lortu genezakeela ikusi zutenean, asko bizi izan dute.
Behin igoera eta lehen postua segurtatuta, amaiera ez al da oso luzea egiten?
Berez da Bigarren Maila luzea, eta behin helburu guztiak beteta, oraindik eta luzeago egiten da, baina taldean beti izaten dira urtean zehar gehiegi jokatu ez dutenak, eta haiek minutuak izateko ere ez da gaizki etortzen.
Zure ustez zein izango da zuzenean igoko den beste taldea?
Villarreal. Almeriaren aurka jokatzen du, eta bietako bat igoko da zuzenean, baina nire ustez Villarreal da bietan ongien heltzen den taldea.
San Mamesen itxierako partidan egoteko ilusiorik bai?
Ikaragarrizkoa. Bizkaiko selekzioan egongo nintzela esan zidatenean, ilusio handia egin zidan. Sorbaldan, ordea, arazo batzuk ditut, eta ikusiko dut jokatzen dudan edo ez, baina han egotea ederra izango da, giro aparta egongo da, eta oroitzapenak ere asko izango dira. San Mames niretzat dena izan da, bera izan da jokatu dudan zelairik garrantzitsuena. Txikitan bertara joaten nintzen Athletic ikustera, eta egun batean han jokatzearekin egiten nuen amets, eta lortu nuen. Azkeneko partidan han egotea ere oso polita izango da.