GARA > Idatzia > Euskal Herria

Josune Arriaga Iruñetik ez aldentzeko eskatu dute

Josune Arriaga, osasun egoera larrian duen ama bisitatu ahal izateko, Iruñeko espetxera ekarri ondoren, berriro Topasera ez eramateko eskatu zioten atzo Nafarroako Arartekoari senideek eta Herrirak. Hamar urtean ez du ama ikusterik izan. Gaurko bi elkarretaratze antolatu dituzte Iruñeko espetxearen aurrean, eguerdian eta arratsaldeko zazpietan.

p019_f02_097x092.jpg

GARA | IRUÑEA

Josune Arriagaren senideak eta Herrira mugimenduko ordezkariak Nafarroako Arakortekora jo zuten atzo, Iruñeko presoa berriz ere Topaseko espetxera eraman ez dezatela eskatzeko. Arriaga Iruñera ekarri dute, larri gaixo duen ama bisitatu ahal izateko. Bisitaren ondotik berriz urrundu nahi dute.

Juan Carlos Arriaga -Josuneren anaia- eta Herrirako kide Imanol Karrera Arartekoaren idazkari nagusi Carlos Sarasibar eta bere aholkulari Pilar Garciarekin elkartu ziren atzo. Zehazki, bi konpromiso hartzeko eskatu zieten: Josune Arriaga bisitatzeko saiakera egitea eta Gobernu espainolarekin gestioak egitea presoa berriz urrundu ez dezatela eskatzeko.

Josune Arriaga Iruñeko kartzelara ekarri zuten joan den ostegunean Topasetik, baimen berezia baitu bere amari bisita egiteko.

Hamar urte dira ama ikusten ez duela. Amak sei urte daramatza zahar-etxe batean, alzheimerrak jota, eta orain azkenetan da. Bi krisi larri izan zituen duela zazpi hilabete, joan den azaroan eta, horregatik, familiak Josune Arriaga urgentziaz Iruñera ekartzeko eskatu zuten, ama-alabek elkarri agur esan ziezaioten. Eskaera urgentziaz egin bazuten ere, Espetxe Zaintzako Epaitegiari sei hilabete kostatu zaio eskaeraren gaineko erabakia hartzea.

Herrirak gogorarazi zuenez, «gero eta gehiago dira adin handia dela-eta semea edo alaba ikustera ehunka edo milaka kilometro egin ezin dituzten gurasoak. Eta, batzuetan, haiekin egoteko azken aukera izan gabe hiltzen dira».

«Hori, dudarik gabe, beste arrazoi bat da sakabanaketaren amaiera eskatzeko. Eta kasu zehatz honetan, eskatzen dugu Josune Arriaga Iruñeko kartzelan gelditu dadila haien eskubide oinarrizkoaz baliatu ahal izan dadin: bere amari bisita egitea haren azken egunetan», gaineratu zuen Herrira mugimenduak.

«Gure ustez, gizatasun kontu hutsa da. Gizartearen gehiengoa aspaldi ari zaie eskatzen estatuei ez dezatela segitu sufrimendua eragiten. Horregatik, eskaera hori egitera deitzen diegu herritarrei», esan zuen Herrira mugimenduak.

Gaur, bi kontzentrazio egingo dituzte Iruñeko espetxearen aurrean. Bata eguerdian izango da eta bestea, 19.00etan. Mobilizazio gehiago deitzeko prest daudela gaineratu zuten.

Bestalde, pasa den igandean Bilboko bi presori harrera egin zieten Bizkaiko hiriburuan. 20 urte espetxean eman eta gero Algeciraseko kartzelatik atera zen Arantza Garbayori ongietorria egin zioten Otxarkoagan. Estatu frantseseko kartzeletan sei urte pasa dituen Igor Igartuak Alde Zaharrean izan zuen harrera ekitaldia.

Honekin batera, ostiralean eta larunbatean ongietorri ekitaldia eta jaialdia egingo diete Arabako hiriburuan Maite Diaz de Heredia eta Itxaso Legorburu preso ohiei.

Presoen eskubideen aldeko elkarretaratzeak izan ziren atzo Euskal Herrian. Bilboko Arriaga plazan 110 lagun bildu ziren presoen aldeko elkarretaratzean, eta Sarrigureneko erdigunean 15 pertsona batu ziren ere.

Halaber, astelehenean ere mobilizazioak izan ziren Euskal Herriko lau herrialdetan: Gernika (51), Bermeo (15), Trintxerpe (15), Euba (12), Altsasu (40), Ondarroa (56), Añorga (10), Zaldibia (34), Sopela (24), Iurreta (36), Astrabudua (14), Iruñea (49), Zaldibar (19), Laudio (44) eta Otxarkoaga (33).

goio jimenez, aske

Goio Jimenez Tolosako presoa aske geratu zen atzo 30.000 euroko fidantza ordaindu eta gero. Navalcarnero espetxean zegoen. 2011ko martxoan atxilotu zuen Polizia frantsesak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo