GARA > Idatzia > Iritzia> Jo puntua

Ixabel Etxeberria | Irakaslea

Itzul daitezen...

 

Alde hemendik», «Herria dugu arnas», bi lema nagusi, bi hitzordu nazional. Ekainaren 15ean Biarritzen eta Hegoaldeko herri desberdinetan bi borroka eremu jorratu eta gogoetatuko dira.

«Alde hemendik» lehen ekimena, Hendaian, joan den larunbatean. Jende gutxi egun oso euritsuan, Ficoban «Gure esku dago» mugimenduaren aurkezpen unean. Urteetan gorputz zapaltzaileen presentzia salatu izan dugu eta gaur arte gorputz horiek ez dira txikituz joan. Aitzitik, gaur egun guardia zibilak dabiltza kontrolak egiten Ipar Euskal Herrian frantses jendarmeekin, eskuz esku. Hendaian maletak jarri dizkiete poliziaren etxearen aurrean, hemen ez ditugula nahi errateko, ea hemendik alde egiteko ideia heldu zaien...

Bi estatuen arteko kolaborazioa sekula baino indartsuagoa da. Ekimen horrek gogoratzen digu bidea luzea dela. Okupazioak herritarrengan duen eragina hor dugu. Aspaldiko partez, hemendik kanpo nahi ditugula entzuteko aukera izan dute!

Herrira itzuli! Frankismoaren garaian askok joan behar izan zuten eta ez ziren inoiz itzuli. Biarritzen horiek eta geroztik ihesi joan behar izan dutenak aipatuko ditugu, haien bizipenak entzunen eta aterabidea eskatuko. Bake bide honetan, elkarrizketa politikoan politikagatik asko eman dutenak lehen lerroan kokatu behar baititugu. Noski, askapen bide honetan bakoitzak ahal duena eman behar izaten du, eta askoren eguneroko lanari esker etekin handia lortu dugu. Haatik, urtetan gatibu, herritik urrun bizi izan behar dutenek, gatazka konpontzekotan etxera itzuli behar dutenek, lekukotasuna emanen digute, egindako urratsen aurrean zer dioten azalduko digute. Azalpen hori garrantzitsua izanen da, gatazka honetan parte hartzaile baitira, jasan dituzten errepresio bideak askotakoak izan baitira, estatuak legeetatik at askotan joan baitira haiekin nahi zutena egiteko, merkatu batzuen trukean baliatuz, legeak bortxatuz, giza eskubideak urratuz. Ai, ai, ai, frantses eskoletan erakutsi zizkiguten giza eskubideak! Urtzen ikusi ditugu, dena gezurra zela ikusten joan gara, frantses estatua gezurra hedatzen ari zela, bere interesak, soilak, defenditzen zituela. Kasta baten interesak! De Gaullek erre- fuxiatuei eman zien babesa. Ondoren, atxiloketak, auzipetzeak, presondegiratzeak, espainol Poliziaren esku uzteak, deportazioak, desagertzeak; horiek izan dira frantses Estatutik heldu zitzaizkigun errealitateak, egoeren aztertzeko. Ez dago gehiegikeriarik azalpen honetan, erailketak babestu ditu Parisek! Errefuxiatuak dira horren lekukoak!

Militante bakoitzak gertatu zaiona idatziko balu, sinesgaitza gerta lekiguke bizi izan dutena irakurtzea.

Geroa horrekin ere eginen dugu. Bere bizia bere herriarengatik arriskutan ematen duena pertsona berezia da. Denak gara bereziak, baina etxetik joateak urradura sortzen du, herrimina, eskuzabaltasun berezi baten seinalea. Herri honetan asko bizi izan dute hori, gutxi kontatu digute horretaz.

Batzuek, errepresiorako tresnak direnek, alde egiten badute hemendik, leku zabalagoa, koloretsuagoa geldituko zaigu besteei harrera ederragoa egiteko. Gure herriari arnasa emateko...

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo