GARA > Idatzia > Kirolak> Herri-kirolak

Harri-jasotzea | Marka saiakera

303 kilokoak itxaron egin beharko du oraindik

Inaxio Perurenak indar erakustaldi handia egin zuen, baina ez zuen helburua betetzerik izan. Harria berdintzerakoan okertu egin zen, eta ez zuen balio izan.

p035_f01_249x148.jpg

Jon LEUNDA

Inaxio Perurenak indar erakustaldi handia egin zuen, baina ez zion 303 kiloko harri errektangularra bizkarrean berdintzeko balio izan. Leitzar gazteak bost minutuko txanda bat izan zuen helburua bete ahal izateko, baina ez zuen lortu.

Sarrera bikaina izan zuen Leitzako Amazabal pilotalekuak. Harmailak ez ziren erabat bete, baina hiru laurdenak pasatxo behintzat beteta zeuden, eta kanpoan egiten zuen giroa ikusita, ez zen batere txarra izan.

Otsailean lortu zuen Inaxiok 300ekoa jasotzea, eta oraingoan hiru kilo gehiago jaso nahi zituen. Horretarako, bere anaia eta Isaak Martinez izan zituen alboan, baina alferrik izan zen.

200ekoarekin hasi zen berotzen. Lehenengo gerrira ekarri eta bota egin zuen, gero bi jasoaldi emateko. Ondoren, 250ekoa jarri zioten aurrean. Hura behin erabili zuen, gerriraino ekarri eta botatzeko. Horrekin prest zegoen bere saioarekin hasteko.

Bere laguntzaileek 303koa jarri zioten aurrean. Bera prest zegoela ikusi zutenean, epaileek txistua jo, eta berehala heldu zion harriari. Gerrira ekarri zuenean, buelta ematea ikaragarri kostatu zitzaion, eta hor hasi ziren zaleak marka lortzea zaila izango zuela ikusten.

Behin buelta eman zionean, hortik gora eramatea ere asko kostatu zitzaion. Kolpe bat, beste bat, bestea, eta harriak oso gutxi egiten zuen gora. Bosgarrengoa eta gero, berdintzen saiatu zen, baina ordurako harriak gain hartu zion, eta ezin izan zuen harria behar bezala berdindu. Hala, epaileek usteltzat jo zuten egin zuen lana.

23 segundoan egin zuen dena; beraz, denbora bazuen beste ahalegin bat egiteko. Apur bat itxaron zuen, baina denbora bete baino lehen esan zuen ez zuela beste ahaleginik egingo. Epaileak txistua jo zuenean utzi zuen pilotalekua Perurena II.ak, han zeuden zale guztien txalo artean, jaso ez arren ahalegin handia egin baitzuen, baita indar erakustaldia ere.

Beraz, 300 kiloko markarekin jarraitzen du Inaxiok, Gibitegirekin batera. Hori gainditu duten besteak Iñaki Perurena, bere aita, eta Gibitegi dira. Honekin, uda amaitu arte, behintzat, ez du beste ahaleginik egingo.

Derrigorrean

«Plazak badu beti zerbait berezia, eta gaur ere ikusi dut. Ustez lasai etorri naiz, baina tentsioa aldatzen da. Hasi aurretik burua honetan bakarrik izaten saiatu naiz, begiak itxita egon naiz denbora batean behar nuen lasaitasun hori topatu nahian, baina behin plazara ateratakoan dena aldatzen da», esan zuen Inaxiok bere lana amaitu eta minutu batzuetara.

«Harria gerrira ekarri, eta buelta ematea horrenbeste kostatu zaidanean, kontzentrazioa galdu dut. Hau normalean hiru kolperekin jaso behar nuen, baina laugarrengora iritsi naizenean, eta ez zela gora joaten ikusi dudanean, ez naiz buruarekin aritu, derrigorrean bezala aritu naiz. Hala ere, errazena hasieran harria bota eta uztea izango zen, baina jendeak ez zuen hori merezi. Saiatu naiz, eta zaleek ikusi dute nolako lana egin dudan», gaineratu zuen.

Indar erakustaldi horren ostean, ordea, dena hustuta geratu omen zen. «Indar asko gastatu dut harria hor edukitzen, eta dena hustuta geratu naiz. Ez zeukan zentzurik berriro heltzeak. Banekien gaur zela data, udako erakustaldien aurretik gaur izango nuela marka hau lortzeko azken aukera, baina ez da posible izan», onartu zuen.

Perurenak, ordea, lanean jarraituko duela iragarri zuen. «Pasa den abuztuan hasi nintzen 300ekoa jasotzeko prestatzen, eta gorputzari astindu handia eman diot. Orain atseden pixka bat hartu eta udako erakustaldiei helduko diet, eta urtea bukatu baino lehen, berriro ere saiatu nahiko nuke 303 kiloko harri hau jasotzen», esan zuen. Zaleentzat ere hitz onak izan zituen. «Hauek dena merezi dute. Zenbat jende etorri den ikusi, nolako txalo eta animoak eman dizkidaten ikusi, eta horrek bakarrik ematen dit aurrera egiteko gogoa», aitortu zuen.

Indarra

Inaxio Perurenak indarra soberan daukala erakutsi zuen atzo. Leitzarrak denbora luzez izan zuen 303 kiloko harria bularrean gora eraman ezinik, eta hori han edukitzeko indar handia izan behar da.

neguan

Atzokoaren ostean, Inaxiok garbi utzi zuen orain atseden hartu eta udako erakustaldiak pasa ostean ekingo diola berriro ere harri handiarekin, urtea amaitu baino lehen beste saio bat egiteko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo