GARA > Idatzia > Kirolak> Mendia

Kirol eskalada | Espainiako Kopa

Iaz baino podium bat gehiago euskal eskalatzaileentzat

Espainiako Eskalada Kopa amaitu da, eta EMFren selekzioak guztira lau podium sinatu ditu. Mikel Linazisoro, Ibai Isusi eta Irati Andak zilarra egin dute, 16 eta 20 urtez azpikoen mailetan zein seniorretan. Mikel Madinabeitia hirugarren izan da 20 urtez azpikoetan.

p038_f01.jpg

Andoni ARABAOLAZA

Kirol eskaladako lehien denboraldia aurrera doa, eta zailtasuneko modalitateari dagokionez aipatu behar dugu FEDMEk antolatutako Espainiako Kopa amaitu dela. Guztira hiru proba izan ditu, bai gazteen mailan, bai seniorretan. Lehena Zaragozan jokatu zen, eta horren berri eman genizuen. Bigarrena eta hirugarrena, berriz, Katalunian izan dira: Terrassan eta Bartzelonan.

Terrassako hitzordua maiatzaren 25 eta 26an izan zen. 16 urtez azpikoen mailan, Mikel Linazisorok lehia ederra egin zuen. Zaragozako proban bigarren sailkatu zen, baina Terrassakoan, finalerdietako bidea kateatu ondoren, azkenean garaipena lortu zuen. Bittor eta Andoni Esparta anaiak bosgarren eta zortzigarren izan ziren. Jone Ugartemendia, 18 urtez azpikoen sailkapen bidean bigarren postua sinatu ondoren, finalean bosgarrena izan zen. Mikel Inoriza zortzigarren postuan geratu zen.

20 urtez azpikoetan, bestalde, Ibai Isusik berriro irabazi zuen, Mikel Madinabeitia hirugarrena izan zen eta Beñat Murua bosgarrena. Eta nesketan: Nahiara Garmendia laugarren, Miriam Mulas bosgarren eta Garazi Platero seigarren. Garmendia eta Platero Nafarroako Federazioaren ordezkariak izan dira; gainerako guztiak, berriz, Euskal Mendizale Federaziokoak. Nagusietan, Irati Andak laugarren postua sinatu zuen eta Zuriñe Arruek seigarrena. Euskal selekzioaren bi mutilak ez ziren finalera pasa.

Hirugarren eta azken proba Bartzelonan jokatu zen hilaren 1 eta 2an. 16 urtez azpikoetan, Linazisorok oso gutxigatik ez zuen irabazi eta bigarren postuarekin behar izan zuen konformatu. Bittor eta Andoni Esparta anaiak bosgarren eta seigarren postuan sailkatu ziren. 18 urtez azpikoetan, Inoriza zortzigarrena eta Ugartemendia bosgarrena izan ziren. 20 urtez azpikoetan, mutiletan, Isusi hirugarren eta Madinabeitia bosgarren. Eta, nesketan, Garmendia laugarren eta Mulas bosgarren. Eta seniorretan, Andak zilarra lortu zuen.

Hiru probak jokatu eta haietan lortutako puntuak batu ondoren Espainiako Koparen sailkapen nagusia argitu da. 16 urtez azpikoetan, mutiletan, oso maila handia eta borroka estua izan da lehen hiru sailkatuen artean. Linazisorok bigarren postua lortu du; Bittor eta Andoni Esparta anaiek, berriz, bosgarren eta seigarren postuak. 18 urtez azpikoetan, Inoriza zortzigarrena izan da eta Ugartemendia bosgarrena.

20 urtez azpikoetan, berriro oso albiste onak; izan ere, bi podium erdietsi dira. Isusik zilarra poltsikoratu du eta Madinabeitiak brontzea. Eta nesketan: Garmendia laugarren, Mulas bosgarren eta Platero zazpigarren izan ziren. Nagusietan, Andaren eskutik iritsi da laugarren podiuma; gasteiztarrak bigarren postua lortu du. Arrue seigarren postuan sailkatu da. Mutiletan, azkenik, Iñaki Arantzamendi top hamarrean sartu da; hamargarren postuan, hain zuzen.

«Oso baikor»

Espainiako Kopa edo erregulartasunaren zirkuitua amaituta, Euskal Mendizale Federazioak antolatutako euskal selekzioaren buru Joxean Mulasengana jo dugu. Hiru proba horietan, eta oro har, sailkapen nagusiari begira zer azterketa egiten duen azaltzeko eskatu diogu.

Gazteen mailekin hasiko dugu; izan ere, euskal ordezkariek hiru podium sinatu dituzte. Aitortu beharra dago 16 urtez azpikoen mailan, lehen sailkatuen artean bederen, oso lehia estuak izan direla. Gazteenak badira ere, argi utzi dute beste maila batzuen pare daudela. Mulasek ere GARAri aurreratu dio lehen hiru sailkatuek oso maila bikaina dutela: «Mikelek aukera izan du garaipena lortzeko, baina azkenean bigarren izan da. Lasai asko esan dezaket lehen hiru sailkatuen maila 20 urtez azpikoenen parekoa edo goitik dagoela. Oso gazteak dira, baina era berean oso indartsu daude. Aipatu behar dut aurten denbora ezarri zaiela, eta uste dut horrek Mikeli ez diola batere mesederik egin. Orain arte ia dena irabazten zuen, eta jakina, eskertzen da irabaztea, baina uste dut bigarren postu hori ondo dagoela. Bestalde, Esparta anaiak ere bikain aritu dira. Andonik 12 urte besterik ez ditu eta seigarren sailkatu da. Kontuan hartzen badugu oso bide zailak ekipatu dituztela, bada sailkapen hori oso ona da».

Beste maila bat gora egingo dugu, eta 18 urtez azpikoetan geldituko gara. Euskal ordezkariak final askotan izan dira, baina podiuma lortzeko ez dute aukerarik izan. Mulasen arabera, maila horretan lehia handia dago: «Mikel Inorizak, adibidez, nahikoa egin du finalera pasatzen, eta ikasketak direla medio, Jone ez da topera ibili».

Gauza bera gertatu zaio Miriami, baina 2o urtez azpikoen mailan: «Ikasketek Miriamen jarduna ere mugatu dute. Mutilek, berriz, `askeago' jardun dute. Alabaina, maila horretan ez da hainbeste konpetentziarik. Ibai bigarren geratu da, eta gainera, proba bat irabazi du. Mikelek hirugarren postua sinatu du. Ez nuen espero hain ondo lehiatzea; niretzat ezusteko ederra izan da».

Eta nagusietan, azpimarratzekoa da Andaren agerraldi indartsua: «Irati motibazio handiarekin aurkeztu zen, eta uste dut egundoko lana egin duela batez ere bi bigarren postu lortu dituelako. Zuriñe ere ondo ibili da, eta hiru hitzordutatik bitan finalean izan da. Azpimarratzekoa da nesken maila handia zela. Eta mutiletan, Iñaki gogo handiarekin lehiatu da, eta hori oso garrantzitsua da».

Mulas pozik da zuzentzen dituen neska-mutilek eginiko lanarekin: «Oro har, balorazio ona egin behar dut. Besteak beste, emaitza onak lortu dituztelako. Beste era batera esanda, iazko edizioan baino podium bat gehiago poltsikoratu dute. Krisi garai hauek ere pairatzen ari gara, eta ahal dugun guztia egiten ari gara. Bestalde, lehien datak ez dira oso egokiak izan; izan ere, gazte gehienak azterketetan daude. FEDMEkoek diote beste datarik ez zegoela; pena izan da».

lau

EMFren euskal selekzioaren eskalatzaileek guztira lau podium lortu dituzte. Mikel Linazisoro, Ibai Isusi, Mikel Madinabeitia eta Irati Anda protagonistak izan dira.

baikor

Euskal selekzioaren buru den Joxean Mulas pozik dago bere taldeak Espainiako Kopan erdietsi dituen emaitzekin. Haren hitzetan, harrobia sendo dago.

HIRU PROBA

FEDMEk antolatutako Espainiako Kopa amaitu da. Guztira hiru proba izan ditu, bai gazteen mailan, bai seniorretan. Lehena Zaragozan jokatu zen, eta horren berri eman genizuen. Bigarrena eta hirugarrena, berriz, Katalunian izan dira: Terrassan eta Bartzelonan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo