GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Hizkuntz eskaera kontratu publikoetan

Anoeta eta Lezo, euskaraz lan egitea hautatu duten bi udal, jomugan

Euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidea bermatu nahian, Gipuzkoako 36 herrik eta hiru erakundek (Foru Aldundia, UEMA eta Urola Kostako Mankomunitatea) proiektu bat adostu zuten, lehiaketa publikoetan enpresei hizkuntza hau jakitea eskatzeko. Urtarrilean eman zuten ekimenaren berri eta apiril aldera iritsi zen Madrildik erantzuna: helegitearen abisua Anoetari eta Lezori. GARA bi udalotan izan da, nola lan egiten duten bertatik bertara ikusteko.

p004_f01.jpg

Maider IANTZI | ANOETA-LEZO

Anoetako udaletxearen bisita bere bihotzetik hasi dugu, «Administrazioa» jartzen duen gunetik. Herritarrak hartu eta lehenbiziko kontaktua egiten den lekua da. Langileak telefonoari eta etortzen den jendeari erantzuten ari dira: hastear diren jaien inguruko kontuak galdetzen dituzte [besten bezperan izan ginen, maiatzaren 28an], eskaera orriak... Lau kide dira harreran, eta ondoko bulegoan, eurekin kontaktuan, erakundeko figura garrantzitsuenetako bat dute: idazkaria. Horietaz gain, gizarte langilea, teknikariak eta aguazilak daude.

Idoia Olano Euskara zerbitzuko arduradunak azaldu duenez, beti euskaraz egiten dute harrera, baldin eta herritarra edo etortzen dena erdaraz mintzatzen ez bada; orduan jarraitu egiten diote. Euskaldunen portzentajea handia da herrian, %70etik gorakoa, eta anitzek erabiltzen dute, baina badira erdaldunak ere, edo euskaldunak izan arren gaztelaniaz aritzen direnak edo biak nahasten dituztenak. Azken hauekin zer egiten duten galdetuta, «denetarik» erantzun digu Olanok irribarrez. Administrazioko langileek jendea ezagutzen dute eta badakite bakoitzarekin nola hitz egin.

Gaztelaniaz sumatzen dugu telefonoz langile bat; gainerakoak euskaraz ari dira. Azken hau dute lan hizkuntza, hautu hori egin du Udalak eta hizkuntza eskakizun bat du lanpostu bakoitzak. «Baten batek joera dauka nahasketak egiteko eta garbitzaile batek ez daki baina ikasten ari da jo eta fuego».

Euskara ikasten ari da etorkin talde bat eta eurei eskatu diete jaietako pregoia idatzi eta irakurtzeko. Emozionatuta daude eta gauza politak idatzi dituzte euskara ikastera bultzatu dituzten arrazoiak azalduz. Hizkuntzaz gain, bizikidetza, integrazioa eta gai gehiago lantzen dituzte udaletxean eta lanketa horiek bat egiten dute.

Urratsak, eskubideak betez

Anoeta UEMAko partaidea da 1999tik. Mankomunitatean sartzea eta honen irizpideetara hurbiltzen hastea gakoa izan dela deritzo Euskara arduradunak: «Urratsak egin ditugu, batzuk ausartak». Adibidez, gauza anitz argitaratzen dituzte euskara hutsean: egutegia, bestetako egitaraua, «Berriak berri» udal aldizkaria, bandoak... Herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu behar direla argi dute eta nahi dutenei zer jarri duten azaltzen diete gaztelaniaz edo laburpen bat pasatzen diete idatziz. Halere, batzuk kexu dira. «¿Qué somos ciudadanos de segunda?», erraten diete.

Aparejadorearekin partekatzen duen paperez betetako bulegoan jarrita, Olanok urtarrilaren 28an, ohiko bilkuran, kontratazio administratiboetan txertatu beharreko hizkuntza baldintzen prozedura, klausulak eta jarraipena onartu zituztela oroitu du. Horren ondoren, Gobernu espainolaren ordezkaritzatik, Carlos Urquijok sinatuta, gutun bat iritsi zitzaien bilkurako aktaren eta eranskinen berri emateko eskatuz.

Anoetako Udala txikia da eta batzorde informatiboak eta horien gainetik udalbatzarra dauzka, ez du gobernu batzorderik. Udalbatzarreko akta guztiek Gobernu espainolaren ordezkaritzara iritsi behar dute eta hortik izanen zuten, Olanoren ustez, ekimenaren berri, ez baitzuten iragarkirik edo informaziorik inon kaleratu. Gai honi buruzko informazio guztia bidaltzeko eskatu zuten eta dokumentu guztiak bidali zituzten. Hor gelditu zen kontua.

Apirilaren 26an espedientea osorik bidaltzeko eskatu zien EAEko Auzitegi Nagusiak, eta hori ere bidali dute. Orain bertze eskutitz bat jaso dute Udalari ordezkari bat, abokatu bat, izendatu eta azaltzeko eskatuz. «Errekurtsoa egongo dela abisatu digute, baina orain aztertzen ari dira zertan oinarritu. Zain egon beharra daukagu». Idoiak adierazi du harridura eta haserrea eragin diela Urquijoren eta EAEko Epaitegi Nagusiaren eskakizunak. Bilkura horretan kontratazio administratiboek ze prozesu jarraitu behar dituzten erabaki zuten, baina lehenagotik ari dira euskarari lehentasuna emateko lanketa egiten beste arlo batzuetan. Lehendik egiten ziren gauza horiek arautu dituzte orain.

Gipuzkoako Aldundiko aholkulari juridikoak, udal teknikariak... jende anitz aritu da lanean udalbatzan onartutako proiektu honetan eta denak bat etorri dira legezko oinarria duela baieztatzean.

Kontratazio motak eta horien araberako klausulak zehazten dira testuan. Adibidez, obra kontratuetan, errotuluak, oharrak, seinaleak eta gainerako komunikazio orokorrak piktograma bidez eginen direla eta euskarazko azalpen mezua izanen dutela agertzen da. «Piktograma bidez egin ezin direnean, euskaraz egingo dira mezuak ezagunak edo ulergarriak direnean. Aurreko bi kasuak ezinezkoak direnean, ele bitan egingo dira euskarari lehentasuna emanez, betiere administrazioarekin aldez aurretik adostuta».

Enpresekin ez dute arazorik izan. Bat-batean eurekin dena euskaraz egitea ezin dute lortu eta pixkanaka dabiltza lanean. Hirigintzan, obra potoloak direnean, arkitekto baten proiektua izaten da oinarria, gehienetan gaztelaniaz idatzitakoa. Eta obra gauzatu behar duen enpresak, nahiz eta euskaraz lan egin, arkitektoaren gaztelaniazko testuak aurkezten ditu Udalean. Olanoren iritziz, gakoa hasieratik euskaraz egitea da. «Esaterako, prezioak kalkulatzeko erabiltzen diren programak euskaraz ez dira onak izaten edo ez dira eguneratuak egoten. Hor ere badago lana egiteko. Kate bat da eta baliabide falta nabaria da».

Garrantzitsua da Anoetako Udalarentzat herritarrekin komunikatu beharra duten enpresetako langileak euskaldunak izatea, kiroldegiko monitoreak eta etxez etxeko langileak, adibidez.

Anoetatik Lezora jo dugu. Udaletxeak Donibane kalean, plazaren ondoan duen eraikinean elkartu gara Mikel Arruti Euskara eta Kultura zinegotziarekin eta Joxe Mari Iraola hizkuntza dinamizatzailearekin. Herri honetan ere hizkuntza irizpideak kontratu publikoetan txertatzea onartu dute eta EAEko Auzitegi Nagusiko gutuna jaso dute.

Xede politikoak

Eskutitzean zehazten denez, Estatuko Administrazioak eta honen ordezkaria den Estatuko Abokatutzak eskaera egiten dio Udalari akordio horren espedientea bidaltzeko. Lezok ez du oraingoz deus bidali, ordea; ahalik eta gehien luzatzea da bere aukera.

Garbi dute lege aldetik ez dutela ezer hautsi eta ondorio eta helburu politikoak daudela gibelean. Erasotzat hartzen dute, euskarak bigarren mailako hizkuntza izaten jarraitzeko saiakeratzat. Bi galdera nagusi dituzte: zer pasatuko da bertze herriekin? Zergatik aurkeztuko dute errekurtsoa?

Udal langileek akordioaren xehetasunak azaldu dizkiote GARAri: Udalak hizkuntza arautegia betetzea eskatuko duela bermatzeko, kontratuen ezaugarriak zehazten dituzten agirietan sartu dituzte hizkuntza baldintzak. Prozedura aldatu dute, hizkuntza txosten bat eskatzeko. Bigarren lana klausula estandar batzuk sortzea izan da. «2009an Gipuzkoako Foru Aldundiak arautu zuen zerbait da, hobetu egin dena. Tresnak jarri ditugu aplikatzen hasteko».

Herriko euskaldun kopuruaren baitan daude hizkuntza profilak. Lezon, 2006ko datuen arabera, %55 inguru euskaldunak dira, %21 ia euskaldunak eta %23 erdaldunak. Beraz, %66k izan beharko lukete euskaldunak udaletxean. Kopuru hori aise gainditzen da, langileen %92 euskaraz arazorik gabe aritzeko gai baitira. Euskaraz funtzionatzen dute eta, baieztatu dutenez, herritar erdaldun dezente ere badiren arren, ez dute kexarik eta arazorik izan horregatik.

Barne dokumentu gehienak euskara hutsean dituztela ikusi dugu -hala ez denean, ele bitan, euskarari lehentasuna emanez (espazio gehiago, letra tipo handiagoa, kolore deigarriagoa...)- eta telefonoz eta euren artean ere hala aditu ditugu. Gauza bera gertatzen da bilera, batzorde, bando, kartel, seinale eta jakinarazpenekin. UEMAko kide ez badira ere, aspaldi erabaki zuten euskaraz egitea. Horren erakusgarri, oroigarri modura oparitu diguten 1987ko euskararen erabilera normaltzeko udal araudia jasotzen duen liburuxka, ia-ia gaurkoa dirudiena.

«Teorian euskaraz funtzionatzeko eta bizitzeko eskubidea dugu, baina praktikan zailtasunak daude», adierazi du Arrutik. Kontratuetan hizkuntz eskaera sartuz, eskubide hori bermatzea nahi dute, arlo horretan ere, udaletxean euskaraz egiten duten gisan, normaltasun osoz hizkuntza honetan lanean jarraitzeko. Bete beharreko baldintzetako bat da euskara erabiltzea, lehiakortasunerako elementu bat, eta ekimen honekin enpresak ere horretaz jabetzea nahi dute.

36
udalerri

Urtarrilean publiko egin zen proiektura Gipuzkoako 36 herri eta hiru erakunde (Foru Aldundia, UEMA eta Urola Kostako Mankomunitatea) atxiki ziren. Hiru erakundeek eta 24 udalek beren aginte organoetan onartu dute hizkuntza irizpideak kontratuetan txertatzea, bertzeak onartze bidean dira, eta hasierako taldetik kanpo gelditu ziren udal batzuei berriro proposatuko diete elkartzea.

lehiakortasuna

Bete beharreko baldintzetako bat da euskara erabiltzea, lehiakortasunerako elementu bat, eta ekimen honekin enpresak ere horretaz jabetzea nahi dute Lezoko Udalean.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo