Gernikako ospitale berria kalitatezkoa izan dadila eskatu du EH Bilduk
GARA | GERNIKA
Gaur zabalduko dituzte Gernikako ospitale berriaren instalazioak. Bertan izango dira, besteak beste, Iñigo Urkullu lehendakaria, Jon Darpon Osasun sailburua eta osasun-zentro berriaren eragin-eremuko udalerrietako alkateak.
Zabaleraren harira, Busturialdeko Bilduko hainbat zinegotzik idatzi bat sinatu dute eta bertan ospitalearen proiektua agindutakotik gero eta urrunago dagoen errealitatea dela ohartarazi dute.
2002. urtean proiektua abian jarri zenetik, aldaketa ugari gehitu zaizkiola adierazi zuten Beñak Onaindiak, Jabier Lopez de Aldak eta Josu Imanol Unanuek, eta «guztiak ere hasieran aurreikusita zeuden zerbitzuak kentzeko» eginak direla baieztatu zuten. Ospitale berriari eskatzen dioten bakarra kalitatezko zentroa izatea dela diote. «Ez dugu nahi zehaztu gabeko funtzioak dituen zentroa izatea; hau da, eraginkorra ez delako edo arazoak benetan konpontzeko balio ez duelako herritarrek maila hori gainetik pasa eta zuzenean Galdakaoko ospitalera joatea erabakitzea», ohartarazi dute.
Kritikatu egin dute ospitalea kokatzeko egindako aukeraketa txarra eta, horrenbestez, aurrekontua 18.700.000 eurotik 38.000.000 eurora igo izana salatu dute. «Hori zentroan behar diren zerbitzuen kalterako da zuzenean», kritikatu dute.
Izan ere, eskaini beharreko zerbitzuak murriztu egin direla jakinarazi dute: lehenik, «aurreikusita zeuden oheak»; ondoren, Erresonantzia Magnetiko Nuklearra; eta, hirugarrenik, «Darpon jaunak herritarrei oraintsu bidali dien eskutitzaren arabera, Hemodialisi Zerbitzua ere bai».
Egoera honen aurrean, ez dutela «eskualde baztertua» izaten jarraitu nahi berretsi zuten eta zerga berberak ordaintzen dituztenez «eskubide berberak» izan nahi dituztela nabarmendu zuten.