GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

IBA bodyboard zirkuitua: Txiletik Brasilera ziztu bizian doaz goi mailako lehiakideak

Azken hiru asteetan mundu mailako hiru txapelketa garrantzitsu izan dira goi mailako bodyboard itzulian. Nesken zein mutilen zirkuituko rankingean ez dira aldaketa nabarmenak izan, baina itzuliak sekulako abiada hartu du eta oraindik asko falta da.

p044_f01.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Azken asteetan txapelketa ugari izan da goi mailako bodyboard zirkuituan, eta ondorioz, asko dira gertakizun aipagarriak. Txilen hasi eta Brasileraino, hiru txapelketa garrantzitsu. Arica Chilean Challenge, Antofagasta Bodyboard Festival eta Brasilen une honetan egiten ari diren Itacoatiara Challenge.

Txileko Arica eskualdean aurkitzen den El Gringo izeneko urautsia 2008. urtean egin zen ezaguna, munduko surf txapelketa bertan egin ostean. Ezker-eskuin lehertzen den ur hotzetako piko honek sekulako indarra duela erakutsi zuen. Sakonera gutxiko laja baten gainean lehertzen da olatua eta ondorioz, tubo borobilak sortzen dira, surflari aditu edo bodyboard zaleentzako ezin hobeak.

Maiatzeko azken asteak itsaski ederra ekarri zuen Aricako kostaldera eta lehiakideek sekulako olatuak izan zituzten txapelketak iraun zuen artean. Azkenean, ordea, pixkanaka lehiakide bakoitzak bere aurkaria kanporatu eta aurrera egin behar izaten du, eta Arican, bi australiar izan ziren finalera iristea lortu zutenak, Ben Player eta Dave Winchester.

Iaz, Dave Winchesterrek irabazi zuen Arican; beraz, aurten ere txapela lortzekotan zen, baina ez zuen nolanahiko aurkaria; izan ere, Ben Player, 2005. eta 2007. urteetan munduko txapelduna izan zen. Hala, finalean borroka gogorra izango zela aurreikus zitekeen, eta, noski, horrela izan zen.

Azkenean, Ben Playerrek irabazi zuen txapelketa eta honela mintzatu zen: «Txapelketa bat egiteko leku ezin hobea da hau eta jendea zoragarria da gainera; halakorik ez da beste inon ikusten. Garaipen honekin oso kontent naiz, aurtengo titulu mundiala lortzeko postu hobean kokatzen bainau».

Aricako txapelketaren ostean bigarren txapelketa garrantzitsu bat izan zen Txilen bertan. Mutilen kasuan ez zen lehen mailako lehiaketa; alegia, ez zen Aricako txapelketa bezala Grand Slam Series kategoriakoa, GQS kategoriakoa baizik. Nesken kasuan, ostera, munduko itzulia osatzen duten lehen mailako zirkuituko bigarren proba zen.

Mens Global Qualifying Series kategoria mundu mailan dagoen bodyboard modalitateko bigarren zirkuitu garrantzitsuena da; izan ere, bertan parte hartzen dute, batetik, datorren urtean lehen mailan lehiatzeko behar adina puntu bildu behar dituzten lehiakideek, bai eta lehen mailan egon arren datorren urterako euren postua gorde nahi duten lehiakideek ere.

Beraz, lehen mailan dauden lehiakideek gainontzeko lehiakideekin nahasten diren txapelketa mota da.

Horixe da, hain zuzen ere, finalean izan ziren bi lehiakideen kasua. Biak europarrak, bat etxekoa. Egun lehen mailan lehiatzen egon arren, puntuak biltzeko maila baxuagoko txapelketan parte hartu zuten, eta biek sekulako emaitza lortu zuten.

«La Cupula del Poder» deitzen duten urautsi indartsuan izan zen txapelketa, eta finalean Pierre Louis Costes frantsesa eta Alex Uranga zumaiarra izan ziren. Alde txikiagatik, baina azkenean Costes izan zen garaile. Honek guztira 15,45 puntu batu zituen finalean eta Urangak berriz, 14,4 puntu.

Iaz, Zumaian egin zuten munduko txapelketan bezala, oraingo honetan ere frantsesak garaitu zuen Zumaiakoa, baina edonola ere, ezin hobeto datorkio lortutako bigarren postua Urangari; batetik, sekulako indarra eman diolako eta, bestetik, lortutako puntuekin datorren urtean ere goi mailan jarraitzeko bermea errazago eskuratu ahal izango duelako.

Nesken kasuan, esan bezala, lehen mailako lehiaketa zen; beraz, ez zen edonork parte hartu zezakeen txapelketa. Lehiakideen artean zen Eunate Aguirre bizkaitarra; izan ere, iaz rankinga hirugarren postuan amaitu zuenez, aurten ere lehen mailan dago. Txilen bosgarren postuan geratu zen Eunate eta egun zortzigarren postua betetzen dute ranking orokorrean.

Nesken finalean, Lilly Pollard australiarra eta Alexandra Rinder kanariarra aritu ziren buruz buru lehian. Txapela australiarrak eraman zuen, baina kanariarrarentzat finalera iritsi izana ia txapelketa irabaztea bezain garrantzitsua izan zen, zeren Alexandrak 15 urte baino ez ditu eta adin horrekin halako emaitza lortzea sekulakoa da.

Gauzak honela, txapelketa honen ostean Emma Cobb australiarra da ranking orokorrean buru, eta atzetik Isabela Sousa Brasildarrak jarraitzen dio. Orain, datorren txapelketarako prestatu behar izango dute lehiakideek. Hori Portugalen izango da, datorren abuztuaren azkenengo astean.

Mutilen kasuan, berriz, aste honetan bertan ari dira Brasilen munduko txapelketa egiten, Itacoatiara Challenge. Txileko emaitzen ostean, Ben Player australiarra da rankingean buru. Bere atzetik, Jeff Hubbard hawaiiarra eta Alex Uranga zumaiarra, berriz, hamaikagarren postuan aurkitzen da. Orain, Brasilgo txapelketan zer gertatzen den ikusi behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo