GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

WCT itzuliko laugarren txapelketa hasi da Fijin

Lehen bi errondak egin ostean, itsaski eder baten zain daude lehiakideak.

p044_f04.jpg

Haritz LARRAÑAGA ALTUNA

Ekainaren 2an irekiera ekitaldia egin zuten txapelketaren antolatzaileek eta lehiakideek. Hurrengo egunean sekulako baldintzak izan ziren, hiru metroko ezker olatu perfektuak, indartsuak eta garbiak. Alegia, lehiaketa hasteko baldintza ezin hobeak.

Txapelketako hirugarren egunean olatuen tamaina apur bat txikitu zen, baina kalitatea itzelezkoa zen eta ikuskizuna ere bikaina izan zen. Izan ere, lehen egunean olatuak hain indartsuak izanda lehiakideek tubo ederrak egin zituzten, baina oso gutxi ziren bestelako ariketak egiten ausartzen zirenak. Olatuen tamaina txikiagoa izanda, ordea, mota guztietako ariketak ikusi ahal izan ziren.

Gauzak horrela, airekoak edo maniobra erradikalak egiteko aukera zabalik zela, brasildarrentzako baldintza hobeak izan zitezkeela pentsa zitekeen, halakoetan hobeto moldatzen baitira, baina ez zen horrela izan, zeren joan den hilean Brasilen izan berri den txapelketan hain emaitza onak lortu zituzten Adriano de Souza, Gabriel Medina, Alejo Muniz edo Filipe Toledo bezalako lehiakideek ez zuten hirugarren errondara pasatzea lortu.

Fijiko txapelketan parte hartzeko wildcarda irabazi zuen Aca Lalabalavu bertako surflaria oso ongi aritu zen, baina ezin izan zuen Kelly Slater garaitu eta kaleratua izan zen. Beste wildcard gonbidapen bati esker txapelketa honetan parte hartu ahal izan zuen Alex Gray esatari famatua, berriz, Mick Fanningek kaleratu zuen.

Gauzak honela, egun rankingean buru den Adriano de Souzak bere lidergoa galduko duela gauza ziurra da, bere atzetik dituen gainontzeko lehiakide gehienek aurrera jarraitzen duten bitartean, bera kaleratua izan baita.

Faboritoen artean John John Florence hawaiiar gaztea dago. Florencek zauri baten ondorioz azken bi probetan ezin izan du parte hartu eta indar handiz berrartu du zirkuitua.

Aste honetan gertatzen denaren arabera, gauzak asko alda daitezke ranking orokorrean; beraz, adi egon behar.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo