GARA > Idatzia > Kirolak> Surf

Einsteinek ez

Azken egunetan medusek hartu dute gure kostaldea, eta, noski, albiste bilakatu dira, albiste direla ez dakiten ur poltsa gorrixkak. Halakoetan naturak agintzen duela sentitzea merezi du. Einsteinen galdera: «Erleak desagertuko balira, zenbat urte iraungo luke mundu honek? Lau, bost...? Erlerik gabe ez dago polinizaziorik, eta beraz, akabera da». Lagunek irri egin zuten. Einsteinek ez.

Surflari Ernegatua

Badira nire bizitzako pasarteak denboraren poderioz ahaztu ditudanak, baina neuronei emandako egurrak ezabatutako momentuak ere asko dira. Gazte nintzela parrandak egiten hasi eta garagardoa bezalako droga gogorrekin jolasean hasi nintzenean, gehiago ziren gaua etxeko ohean igaro ostean gogoratzen nituen lo denborako ametsak, lo egin gabe kale hotzetan esna pasatzen nituen gauak baino.

Geroxeago, sasi anfetamina aizunduak edo speeda bezalako droga bigunagoak ezagutu nituen, eta ordutik gaupasan igarotako gauak gogora ditzaket, irudiak apur bat lausotuak ikus baditzaket ere. Etxepeko tabernetan igarotako gau haietaz gain, badira nire burmuinaren alde kontzienteak erreskatatu ahal izan ezin dituen bi egun, ordea.

1997ko abenduan izan zen. Australiako hondartza batean nintzen bi lagunekin eta medusa mordoa zegoen uretan. Ziztada eta karranpa batzuk jaso ostean uretatik atera ginen ziztu bizian. Lagun baten kamera bat genuen ordea, eta nik momentu hura betikotu nahi nuen. Berriz ere itsasoratu nintzen, eta larrutik ordaindu nuen.

Gorputz guztian nituen «Blue Water» marmoken erredura markak. Irudi haiek bai, betikotu genituen. Momentu hura oroitzen dut, baita garai hartan etxe genuen Volvo zaharra hartu eta errepideari ekin genion unea ere, baita pozoia barrenak bihurritzen hasi zitzaidanean izan nuen tripako mina ere. Baina ondorengoa ez dut gogoratzen.

Ia bi egun deliratzen egon ostean, koltxoneta urdin batean esnatu nintzen. Izerditan blai. Lagunek esan zidaten oroitzen ez dudan denbora tarte horretan, lo seko, baina bakarrizketan eta orro eginaz aritu nintzela.

Azken egunetan medusek hartu dute gure kostaldea, eta, noski, albiste bilakatu dira, albiste direla ez dakiten ur poltsa gorrixkak. Batzuengan izua eragiten dute, baina tarteka, erredura batzuen truke bada ere, naturak agintzen duela ikusi eta sentitzea merezi duela uste dut.

Ni ez naiz animaliek ere eskubideak izan behar dituztela uste duten horietakoa. Garbi daukat eskubideei lotuta betebeharrak doazela; beraz ea nola esplikatzen diozun zakur bati bere eskubide eta betebeharrak zeintzuk diren. Soilik eskubideak betebeharrik gabe ulertzen dituzten hippyek defendatzen dituzte halakoak, eta ni, Tijuana In Bluren eskolakoa naiz. Alegia, «mierdas de perro que inundan la ciudad, unas tu las pisas y otras te quieren pisar». Baina hala eta guztiz ere, marmokak bezalako animalia gorrotatuak itsasbazterrera etortzen direnean, haien bidea egiten uztearen aldekoa naiz.

Behin, Einstein handiak galdera hau luzatu zuen lagun artean: «Erleak desagertuko balira, zenbat urteko bizia izango luke mundu honek? Lau, bost...? Erlerik gabe ez dago polinizaziorik, eta polinizaziorik gabe ez dago lorerik, eta lorerik gabe, ezta animaliarik ere, eta, noski, ezta gizakirik ere». Lagunek irri egin omen zuten. Einsteinek ez.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo