GARA > Idatzia > Iritzia> Zirikazan

Jsebe Egia

Txapa eta pintura

Ez dut ezer berririk jakinaraziko hedabideetan berriei ematen zaien trataera xehetasunez zaintzen dela esaten badut. Alegia, hedabide bakoitzak bere izateko funtsari, informazioa zabaltzeko erari, dagokionez, politika zehatz eta ondo definitua segitzen duela. Tarteka baino sarriago, politika horren baitan informazioa ez ematea ere badago, errealitatea desitxuratzearren, tokian tokiko boteredunak ez sumintzearren, egunotan Turkian, adibidez, gertatzen ari den bezala.

Zuzenean politikarekin lotura duten berriak lupaz aztertzen direla argitara eman aurretik argi eta garbi dago, eta hori berez oso ondo dago, hala behar du-eta, egiaren bilaketan zorroztasuna eta aditzera emateko orduan zintzotasuna izango badira komunikatzailearen xede eta printzipio. Halere, tamalez, ezin zalantzan jarri hedabideetan gezurra salbuespena ez eta ohiko jardunbidea izan ohi dela. Milaka kasu aipa litezke baieztapen horri eusteko, baina Euskal Herrian, zehazki, ez dugu horren beharrik -nahiz eta gogoraraztea ez dagoen sobera-, guztioi bururatuko baitzaizkigu atoan kasu bat baino gehiago, aspaldikoak zein berriki gertaturikoak.

Beste batzuetan, ordea, arazoa ez da gezurra izaten, gezurra bere horretan, baizik eta trataera bera, berriari ematen zaion txapa eta pintura. Egitateak modu askotan konta daitezke, baina komunikabideetan, bereziki, objektibotasuna aldarrikatzen da horien oinarri eztabaidaezin gisa, kazetaritzaren sancta sanctoruma, besterik egitea jendeari iruzur egitea dela salduta. Iruzurrak ere, ordea, forma anitz hartzen ditu. Iruzurra ere bada egitate zehatz bat uneko zirku bihurtzea, egunkariko orrialdeak edo telebistako orduak betetzeko material morboso bihurtuta azken xehetasunari ere zukua ateratzea. Iruzur galanta da, bai, hori guztia nabarmenduz momentuko horren atzean dagoen guztia isilpean edukitzea, hori bera eragiten duen guztia ez mahairatzea eta azpimarratzea, kontzientziazioa sustatzearekin batera. Izan ere, kontzientziazioa egitateak benetako testuinguruan jartzetik eta hortik ondorioak ateratzetik baino ezin baita sortu, eta eragin.

Emakumeen kontrako indarkeriari dagokionez, oro har, hori ez beste guztia betetzen da erailketa bat dagoen bakoitzean. Baina batzuetan, kasuaren ezaugarri «pelikuleroagoak» gorabehera, helmuga izan beharko lukeena -gaitzespena eta konponbideak- erabat desitxuratze- raino bilakatzen dute ez berri, ez mintzagai, ez eztabaidarako arrazoi, baizik eta ikuskizun hutsal. Gaitz sozial hau erauzteko borrokan, etengabeko aldarrikapena da hedabideek beren jarrera eta ardura kontuan hartzea, irizpide finko eta tinkoak erabiltzea gaiaren inguruko informazioa zabaltzerakoan, baina, beste behin, Bilbon gertaturiko indarkeria matxista jasotzeko orduan, hala agertu eta berau ahalbidetzen duten kausak azaleratu eta azpimarratu beharrean, erasotzailearen irudiari erreparatu zaio, haren izaera, arrazoiak, zergatiak (justifikazioa) oka eragiteraino aztertuz. Biktimaren inguruan, berriz, ezer gutxi: etorkina eta prostituta. Horretarako arrazoiez, ordea, ez dut inon irakurri/entzun.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo